Gatz bidea: arbasoek zabaldutako bidea

Maialen Regueiro 2020ko uzt. 28a, 13:20

PR-GI 100 izendapena dauka. Aspaldiko bidezidorra izanik ere, ezezaguna da askorendako. Arbasoek zabaldutako bidea da Leintz Gatzaga eta Eskoriatzako Mazmela auzoa batzen dituena.

"Betidanik egon da bide hau gatzagarren eta inguruko auzotarren bizimoduari lotuta, eta, azken urteotan, lurzoruen erabilpena alde batera uztearekin batera, egunerokotasunean presentzia galduaz joan da, lokaztu egin da... Baina horrelako altxor bat ezin dugu ahaztu, ezinbestekoa da gatzagarren mugikortasun iraunkorrerako, eta bailara lotzeko", diote.

Auzolanean ekin zioten bidea berreskuratzeari, eta bidezidorren jaialdian, Puntaik Puntan, aurkeztu zuten Gatz Bidea, berrituta. Auzolanean, hainbat lagunen artean konpondutakoa, helburu zehatz batekin: Leintz Gatzaga bailarara zabaltzea. "Gatzagarrek mugikortasun mugatua dute beste herrietara zabaltzeko. Bide hau zegoela jakinda, taldetxo bat hasi ginen berreskuratze lanetan, eta hor dihardugu", esan du taldeko kide Rosa Lasagabasterrek. Bide erosoa da, eta azkarra. Ez bakarrik gatzagarrak bailarara zabaltzeko, baita Leintz Gatzagara bisitan joateko. "Lau kilometro daude Gatzagatik Eskoriatzako Kuatruenaraino. Erritmoaren arabera, ordu eta laurdenean egin daiteke ibilaldia. Oinez etorri, kafetxo bat hartu eta autobusean itzultzeko aukera ematen du".

Katea erabili dute irudi modura

Leintz Gatzagara helduta, Gatz Museorako bidean dago irteera puntua. Ondo markatuta. Gatzagarrek eurek egindako irudiarekin. "Hori izan zen egin genuen lehen gauzetako bat. Katea da gure irudia. Gatza ateratzeko erabiltzen den katea irudikatu dugu. Bada, seinale hori dagoen lekuan hasten da bidea", dio Lasagabasterrek. Eta hortik aurrera, lau kilometro. Zuhaitz artean. Gerizpearekin, eta, bereziki, Leintz Gatzagaren beste ikuspuntu bat ezagutzeko aukera ematen duena. "Leintz Gatzagaren irudi ezagunena autoz goazenean ikusten dena da. Bada, Gatz Bidetik joanda, beste ikuspegi bat ezagutzeko aukera dago. Postal baten barruan gaudela ematen du. Adibidez, Urla delako gunea, paraje ederra da. Ibilbidea egiterakoan atseden gune izan daiteke. Mokadutxoa jateko, argazki batzuk egiteko edo hausnartzeko ere bai", dio Lasagabasterrek.

Ibilbide inklusiboa izateko nahia

Bide erosoa da. Familian egiteko modukoa. Horregatik, Urlara heldu aurretik dagoen zatian zabuak eta txirristak daude, eta bazkariak egiteko mahaiak eta aulkiak ere bai. "Oraingoz ingurua eta bidea bera txukundu ditugu. Baina, asmoa litzake beste elementu batzuk gehitzea: loreak, eskulturak... Naturak berak eman dion edertasunari, beste elementu batzuk gehitu gurako genituzke". Baina, bereziki, lan-taldearen nahia da ibilbidea guztiondako egokitzea. "Ibilbidea inklusiboa izan dadin gurako genuke. Irisgarria izatea, edonork erabiltzeko modukoa", diote.

Beste bidezidor batzuekin

Leintz Gatzaga Eskoriatzarekin eta Debagoienarekin lotu gura duen ibilbideak beste ibilaldi eta bidezidor batzuekin egiten du zubi. "Atxorrotxekin, Hiruherreketarekin, Ganborralderekin, Jarindorekin, Durakogainekin... Oñati eta Aretxabaleta aldera ere egin daiteke. Bidea ezagutu eta ausarta izatea da kontua". Gatz Bideak lau kilometro eta 300 metro ditu, eta Eskoriatzako Kuatruenan bukatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak