Bateko Kopa iturria, hiru mendetako historia

Jone Olabarria 2020ko uzt. 27a, 16:50

Egun dagoen iturriak ia hiru mende dituen arren, iturburutik datorren urak mendeetan gatzagarren egarria ase du.

Leintz Gatzagako testigu isila izan da ia hiru mendeetan zehar Bateko Kopa izenez ezagutzen den iturria. Gaur egun herri erdian dagoen Gatzagako ikurretako bat. 1725ean eraiki zuten; hala ere, iturriaren eta haren iturburuaren historiak urte gehiago ditu.

Iturburua

Bateko Kopa edo Hamabi Txorroten iturriak herritar eta bisitariei oparitzen dien ur gardenak, Okondo gainean du jatorria. Iturburua Okondo eta Etxeberria artean dagoen koba-zulo batean dago eta XVI. mendetik gaur egunera arte iturburu horretako uraz gozatu dute gatzagarrek.

Apuntes históricos de Salinas de Léniz historia liburuak azaltzen duen moduan, 1573an Felipe II.a Espainiako erregeak Leintz Gatzagako kontzejuari errege-lizentzia bidez zentsuko mila dukat erabiltzeko baimena eman zion. Mila dukat horiek Begiñarrotik –iturburutik– ura herrira bideratzeko erabili zituzten.

Behin ura bideratuta, urteetan zehar hainbat arazo eman zituen hodien egoera txarrak, karea zela-eta. Iturgin berezi bat egon zen mantentze-lan haietarako, urtean 150 errealen truke egiten zuen lan.

Garbitokia

Mendeetan zehar gatzagarrei egarria asetzeko erabili izan da iturriak emandako ura, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Herritar askok Bateko Kopa iturritik ura hartu eta etxera eramaten dute.Askak urez gainezka egiten zuenean, ordea, soberazko ur hori pilotaleku atzean dagoen aska batera bideratzen zuten. Aska hori garbitoki bezala erabili izan dute, eta, egoera txarrean dagoen arren, berriz ere martxan jartzeko ideia dago herrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak