"Konfinamenduan herritik irten barik egon dira haurrak, eta, naturaren eta espazio zabalen aldeko apustua eginda, batetik, eta Gatzagatik irtete aldera, bestetik, Nafarroara joateko apustua egin dugu. Erreserba eginda dugu, ezeztatzeko aukerarekin, eta, aurreikuspenen arabera, uztailean bertara joatea baimenduta izango dugula uste dugu. Udalekuak herrian egin ditugunean, eta irteeraren bat edo beste egin dugunean, autoz mugitu izan gara, baina, gaur egungo egoera ikusita, egokiagoa iruditu zaigu protokolo eta segurtasun neurriak betetzen dituzten instalazio batzuetara joatea, erantzukizun aldetik babestuta egoteko, eta neurri guztiak ondo hartu eta bete daitezen", adierazi dute Gurel Guraso Elkarteko kideek.
Bi taldeak, beteta
Etxarri Aranatzeko kanpinera 10 urtera arteko gaztetxoak joango dira uztailaren 22tik 24ra bitartean. Otsagabiara, berriz, 11 urtetik gorako gaztetxoak joango dira, uztailaren 28tik 31ra. Bi taldeak osatuta daude dagoeneko: 15 haur joango dira Etxarrira eta 13, berriz, Otsagabiara. Begiraleak berdinak izango dira udaleku guztietan: Miren Zubillaga eta Aitor Ajuria.