Harrera protokoloa diseinatuta, garbiketa lanak sakon eginda eta hidrogelak jarrita, pertsona kopuru mugatuarekin zabalduko dute, eta bisita gidatuek ohiko ordutegia izango dute. Zapatuetan eta domeketan egingo dituzte: euskaraz 11:30ean eta gazteleraz 13:00etan. "Gipuzkoarrentzat zabalduko ditugu ateak, oraingoz, eta ekainean asteburuetan soilik egingo ditugu bisitak. Uztailean, berriz, eguenetan, egubakoitzetan, zapatuetan, domeketan eta jaiegunetan", adierazi du Libe Ramilak, Gatz Museoko arduradunak.
Maskara, derrigorrezkoa
Horrekin batera, plaza kopuru mugatuak erdira jaitsi behar izan dituztela gaineratu dute museoko langileek: "Ermitan 22 lagun sartuko dira eta gatz fabrikan, berriz, 30. Hala, taldeak eraikinetan banatuko ditugunez, ez digu askorik eragingo. Hori bai, maskara ekartzea derrigorrezkoa izango da, eta etortzen direnek ez dezatela ahaztu", adierazi du Ramilak.
Gomendio sorta
Ateak irekitzearekin batera, mendi eta landa eremuetan aisialdiaz gozatzerakoan izan behar diren jokabideak zeintzuk diren adierazi gura izan dute sare sozialen bidez. Horretarako, mendizaletasunerako praktika onen dekalogoa ezarri dute Gatz Museoaren Facebook orrialdean. Horiek beteta mendian ere errespetuz jokatzeko.