Zeanuriko Randa Farhat-ek eta Kepa Atutxak iaz hartu zituzten Gaztainuzketako mendi-etxeak, eta, bertako funtzionamendua eta beste zenbait aldaketarekin batera, abendurako lau mendietxe jarri zituzten erabilgarri. COVID-19ak gogor eragin die beraiei ere Leintz Gatzagan duten negozioan, eta, beharrezko segurtasun neurri guztiak hartu dituzten arren, erreserbak bertan behera utzi edo atzeratzea eskatu duten bezero ugari izan dituztela adierazi dute. Hala ere, zabalik daude mendi-etxeak pandemia hasi zenetik, eta jabeek aurreikuspen positiboak dituzte aurrera begira.
Neurri guztiak hartuta
"Azkenaldian inor izan ez dugun arren, zabalik izan dugu Gaztainuzketako mendi-etxeetako zerbitzua. Guk argi geneukan segurtasun neurri guztiak bete genitzakeela, baina beldurra dago, eta pazientziaz hartu beharko dugu, egoera normalizatu arte. Bizi dugun egoera larria izan arren, ahalik eta zerbitzurik onena eskaini nahi diegu bezeroei. Besteak beste, contactless deritzon teknologiaren aldeko apustuarekin, mendi-etxeetako giltza kode batekin hartzen dute bezeroek, erreserbak eta ordainketak online egin daitezke…", adierazi du Kepa Atutxak, Gaztainuzketa mendi-etxeetako jabeak.
Alde positiboa
Atutxak gaineratu gura izan du euskal herritar askok Estatutik kanpora bidaiatzeko ohitura eta gogoa izaten dutela, baina, egoerak baldintzatuta, bertakoa ezagutzeko aukera aparta izango dela horrela uda partean: "Probintzian barrena ibili daiteke orain, alde batetik bestera, eta gauzak hobetzen joango direlakoan nago. Hala, hasiera batean, Gipuzkoako jendeari dei egin nahi diogu bertara etorri dadin, hemengoek bertako inguruak ezagutu ditzaten. Aurrerago espero dugu Euskal Herri osoko jendeak aukera izatea hemen duguna ezagutzeko…".
Jatetxeko zerbitzua
Hasiera batean, ez zuten aurreikusten jatetxeko zerbitzurik eskaintzea, baina mendi-etxeetan dauden bezeroentzat eskainiko dute plater hotzen zerbitzua.