13:00etan, herriko plazan batuko dira Sorginak taldeko kideak, eta herria apaintzeko aprobetxatuko dute. Lazo moreak eta esaldi ezberdinekin egindako pankartak jarriko dituzte herriko zenbait txokotan. Herria kolore morez jantzi ostean, triki-poteoa egingo dute, eta 14:30ean, Gure Ametsa jatetxera joango dira bazkaltzera. Bazkalostean, berriz, urtero moduan musika izango dute, eta animatzen direnak dantzara aterako dira
"Egunari hasiera emateko, herria apainduko dugu, eta ekintza hori gauzatzeko, emakumeez gain, haurrak eta gizonezkoak ere animatu nahi ditugu. Izan ere, lazo moreez gain, bakoitzak nahi duen esaldia idazteko aukera izango du, eta marrazkiak egin nahi dituenarentzat ere egongo da aukera", adierazi du Ainhoa Barandiaran Sorginak emakume elkarteko kideak.
Isuskiak ez, sorpresak bai
Sorginak elkarteko emakumeek ohitura izan dute zenbait urtez elkarteko hainbat kideri isuskiak banatzeko, Martxoaren 8aren bueltan egin ohi duten bazkarian. Azken urteetan ez dituzte banatu, eta aurten ere ez, baina sorpresaren bat edo beste egongo dela adierazi dute.