Jose Inazio Beloki: "Frontoian orduak sartzera animatu behar ditugu haurrak"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 24a, 12:04

Jose Inazio Beloki Gatzagako frontoian.

Jose Inazio Beloki gatzagarra zenbait urtez aritu da herriko gaztetxoen eskupilota entrenatzaile. Gaur egun, erretiratuta dagoen arren, ahal duen guztietan inguratzen da frontoira. Hala, herri mailako pilotaren alde egindako lan handiarengatik Gatzagako Udalaren saria jasoko du Debagoieneko Kirol Sarien ekitaldian.

Urtarrilaren 28an, martitzenean, izango da DKS ekitaldia, Bergaran, Seminarixoan, 19:00etan. Hala, Jose Inazio Beloki pozik dago jasoko duen sariarengatik.

Gatzagako Udalaren saria jasoko duzu egindako lan guztiagatik. Ederra da halako aitortza izatea?

Noski; oso pozik nago emango didaten sariagatik. Beti nago ahal dudan heinean laguntzeko prest, eta aitortza hau jasotzea izugarria da. Zainetan daramadan zaletasuna da eskupilota, eta ilusioa egiten dit gaztetxoak pilotan jokatzen ikusteak. Izan ere, sei edo zazpi urte inguru egongo nintzen entrenatzaile; gero, lanean hasi nintzen aste bukaeretan, eta, hala, denera ezin iritsi…

Entrenatzeko beti prest, baina laguntza ere ezinbestekoa, ezta?

Hala da. Mauri Zubillagarekin batera txapelketak egiten hasi nintzen. Martxoan hasi, eta Gatzagako Andramari jaietan amaitzen zen txapelketa. Final ederrak ikusi ditugu bertan, eta maila handiko pilotariekin gozatu ahal izan dugu. Esaterako, Irribarria eta Altuna pilotariak, gaur egun, profesionalak direnak, izan dira jokatzen Leintz Gatzagan.

Garai batean, akaso, zaletasun handiagoa zegoen?

Bai. Gogoan dut afizionatu mailako txapelketa bat antolatu genuela duela 25 urte, eta izugarria izan zen. Bai pilotarien partaidetza aldetik, eta baita ikusleen partetik ere. Gaur egun, berriz, Gatzagan eta Eskoriatzan behintzat, haur gutxiago ari dira; izan ere, beste kirol batzuetan ari dira gehiago. Futbolean, bereziki.

2008an, Gatzaga herriko pilotari gazteekin ateratako talde argazkia. 

Gatzagako frontoiak, dena den, bizirik jarraitzen du?

Txapelketei dagokienez, ez hainbeste, baina jendeak erabiltzen du frontoia. Hala ere, gustatuko litzaidake kategoria txikietako Euskadiko Txapelketa egiten jarraitzea. Horretarako, haurrak animatu behar ditugu frontoian orduak sartzera…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak