Herriko mugikortasunean pausoak emateko bidean

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 15a, 17:15
Gatz Bidearen lehen ibilaldi ofiziala egin zutenekoa.

Leintz Gatzagako mugikortasunaren garapenean zenbait hobekuntza egin gura dituzte Leintz Lotzen ekimeneko kideek. Horretarako, Foru Aldundian batzartu dira, eta garraio publikoa eta Gatz Bidea hizpide zenbait proposamen helarazi dituzte.

Azken urteotan, garraio publikoa, bidegorria, bizikleta bideak… hobetzeko lan handia egiten ari dira gatzagarrak. Horretarako, Leintz Lotzen herri egitasmoko kideek eta Gurel Guraso Elkartekoek zenbait lan egin dituzte Gatzaga bailararekin lotzen duen bidea mantendu, berreskuratu eta jendeak erabiltzeko bidean. Horrekin batera, autobus zerbitzua ere izan dute hizpide zenbait herri bileratan, eta mugikortasunaren bueltan aurrerapausoak emateko txosten bat prestatu eta Foru Aldundian aurkeztu dute Gurel Elkartekoek. Hala, Rafaela Romero diputatuarekin batu ziren urriaren 29an, herrian identifikatu dituzten arazoez hitz egiteko.

"Esperantzaz" irten ziren batzarretik; beraien esanetan, "arretaz" entzun zituzten beraien eskaerak, eta baita "beharrak ulertu ere". Horren adierazle da Gipuzkoako Foru Aldundian Mugikortasun eta Lurralde-Antolaketarako ahaldun Rafaela Romero abenduan izango dela Eskoriatzatik Gatzagarainoko Gatz Bidea oinez egiten, ibilbidea ezagutzeko, Leintz Lotzen egitasmoko eta Gurel Guraso Elkarteko kideekin batera.

Herri batzarretan hizpide

Dorleta Elkorobarrutia Leintz Lotzen egitasmoko kideak adierazi du Gatzagan egin izan diren herri batzarretan mugikortasuna izan dela bertakoek jasaten duten desabantaila handienetakoa: "Guraso elkartetik eta inguruko herritarren laguntzarekin mugikortasunaren inguruko azterketa egin eta proposamen batzuk landu nahi izan ditugu, eta horiek Foru Aldundian aurkeztu: Alde batetik, garraio publikoaren hobekuntza, eta, bestetik, errepidea ekidinez oinez zein bizikletaz mugitu ahal izateko eskubidea lantzea".

Garraio publikoari dagokionez, hobekuntza batzuk eskatu gura izan dituzte, honako hau argudiatuz: "Herritik pasatzeko autobusen ordutegia asko zabaldu den arren, zerbitzu hau optimizatzeko hobekuntza minimo batzuen beharra ikusi dugu. Autorik ez duten gazteentzat zuzendutakoa, batez ere. 12 urtetik gorako herriko gazteek ez dute Eskoriatzan herrian bertan ikasten, Almen-Arizmendi ikastolara edo Aretxabaletako Kurtzebarri eskolara mugitzen dira, eta, hori dela eta, eskolaz kanpoko ekintzak eta lagunak ere sarritan Aretxabaletan izaten dituzte. Horregatik, ezinbesteko ikusten dugu ordutegi konkretu batzuetan zerbitzu hau Aretxabaletatik izatea. Bestalde, Eskoriatzaraino heltzen diren gainontzeko lineen eta Leintz Gatzagara heltzen direnen arteko koordinazioa ahal den neurrian hobetzea nahi genuke".

Gatz Bidean badago zer egin

"Herri ekimen gisa hasi eta Udaletik ere bultzatzen ari den oinezko eta bizikletazkoen bidea da Gatz Bidea. Azken bi urteetan asko hobetu den arren, oraindik zeregin handia dago bertan, urteko edozein sasoitan gazte zein nagusientzat erabilgarri egoteko. Horrelako alternatiba gabe, Gatzaga mugikortasunetik kanpo geratzen da, etorkizun jasangarri horretatik at. Beraz, bidea zaintzea eta hobekuntzak egitea eskatzen dugu".

Eskerrak laguntzaileei

Proiektu honetan lagundu dutenei eskerrak eman gura izan dizkiete Leintz Lotzen egitasmoko kideek. "Eskerrik asko ideia hau lantzen eta aurrera eramaten lagundu diguzuen Debagoieneko elkarte eta norbanako guztiei, inguruko baserritar eta auzokideei, herri ekimenean parte hartzen dutenei, eta udalei, emandako pausoengandik. Ametsa proiektu bihurtu dugulako eta proiektuari behar den oihartzuna ematen lagundu diguzuelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak