Albaola Itsas Kultur Faktorian eman dute Gatzagako Gatzaren Egunaren berri

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 3a, 15:22
Gatzaren Egunaren egitarauaren aurkezpenean batutakoak.

Urriaren 13an ospatuko dute laugarren urtez, Leintz Gatzagako Gatzaren Eguna. Gaur eman dute egitarauaren berri, Albaola Itsas Kultur Faktorian, eta bertan izan dira Leintz Gatzagako Udaleko ordezkariak, Jakoba Errekondo, Igor Zalakain, Xabier Agote eta Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Saileko eta  Deba Garaia Landa Garapen Elkarteko ordezkariak.

Leintz Gatzagako udalak Debagoieneko mankomunitatearekin eta Deba Garaia Landa Garapen elkartearekin batera IV. Gatzaren Eguna antolatu du. Laugarren urtez ospatuko dute, eta aurten, besteak beste, sanmilixanetan egiten den eskulangintza azoka ere izango dute, produktu ekologikoen azokarekin batera.

Leintz Gatzaga, izenak berak dioen bezala, gatzari eta gatzaren kulturari lotutako herria da. Leintz Gatzagan menditik naturalki datorren iturburu gazi bat dute eta iturburu hau erromatarren garaitik XX. mendeko 70. Hamarkada arte ustiatu izan dute mineraletan aberatsa den gatza lortzeko. Gatz jarduera honekin jarraitzen dute gaur egun, eta hori balioan jarri eta ezagutzera emateko konpromisoa hartuta lanean dihardu Leintz Gatzagako udalak.

Hala, gatzaren kulturaren zabalkundean beste urrats bat emateko asmoz, honakoa izango da egunerako prestatu duten egitaraua:

Egitaraua

11:00-14:30 Gatzaren eta produktu ekologikoen azoka.

11:00-14:30 Artisau azoka, frontoian.

10:00 Mendi ibilaldi gidatua. Gatzaren paisaia, begirada bat lurrazalean eta lur azpian Jakoba Errekondo eta EHUko geologian aditu batek gidatua.

11:00-14:00 Sagar jotzea.

11:00-14:00 Zurezko plazajokoak.

17:00 Kontzertua: Kilimak taldea, euskal rumba(b)eroak.

Gatz Museoan:

11:00-12:00-13:00etan, Bisita gidatuak 

11:00 Barazki fermentoen tailerra. Gatz-urez eginiko fermentazio teknikak, barazkiak kontserbatzeko. Aurrez izena eman beharra dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak