Gaur, egubakoitza, Txerrikumeak, Sofokaos eta Streetwise taldeak arituko dira oholtza gainean. Jaietako lehen eguna izanda, egun arrakastatsua izaten da, eta bailarako beste herrietatik bisitari ugari batzen dira emanaldiez gozatzeko. Hala, autobusa zerbitzu berezia ere egongo da Gatzagara 21:00etan, 22:00etan, eta 23:00etan Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik. Bueltatzeko, aldiz, 03:00etan eta 05:00etan Arrasateraino autobusa egongo da Aretxabaletan eta Eskoriatzan geldialdia eginez.
Jolasetarako prest
Zapatua, berriz, haurren eguna izaten da, eta Joannes Mendizabal kultura zinegotziak adierazi moduan, haurrek, soilik ez, herri guztiak kuadrillan ondo pasatzeko eguna izaten da: "haurrentzako zenbait ekintzez gain, kintoen arteko jolasak izango dira; azken urteotan arrakasta handia izan dute, eta aurten ere hala aurreikusten dugu. Pikea egoten da, giro berezia, ederra, eta herrikoia… Gauean, berriz, parrilada izango dugu, hau ere urterokoa dena eta gatzagarrok hutsik egiten ez duguna".
Bisitari ugari domekan
"Iaz hasi zen Aretxabaleta eta Eskoriatzatik Gatz Bidia oinez eginaz herriraino etortzearen ekintza, eta jendetza etorri zen. Horrekin batera urteak daramatzate otxandioarrek etortzen, eta aurten asko datoz. Izan ere, paella janera geratuko dira, eta kaleratu ditugun txartelen erdiak erreserbatu dituzte…".