Musikarik ez da faltako aurten Gatzagako jaietan

Jone Olabarria 2019ko ira. 5a, 11:33

Txerrikumeak taldearen emanaldia, ekainean.

Eskaintza zabala izango da aurten ere Leintz gatzagako jaietan. Txerrikumeak, Sofokaos eta Streetwise taldeak arituko dira egubakoitzean. Zapatuan, bestalde, Parrapas erromeria taldearen eta The big Mac DJen txanda izango da.

Egubakoitzean emango diete hasiera Andramaixei eta dagoeneko prest dute egitaraua Gatzagan. Musika eskaintzari dagokionez, punk-rock kontzertuak izango dira aurten nagusi: Txerrikumeak, Sofokaos eta Street wise. Hortaz gain, erromeria doinuak, DJak eta mariatxiak ere entzungai izango dira.

Gatza City Crew taldea arduratu da kontzertu horietako askoren antolaketaz, eta, orokorrean, urtez urte "harrera oso ona" izan ohi dutela azaldu dute. Aurten ere hala izatea espero dute, eta, jaiei hasiera emateko, egubakoitzean, hilaren 6an, 22:00etan, Txerrikumeak Aretxabaletako gazte taldea arituko da taula gainean.

Nafarroatik ere, punk-rocka

Haien ostean, Sofokaos talde Nafarrak ere punk-rock doinuz beteko du Gatzaga. Laukotea 2012an sortu zen, Antsoaingo, Arrotxapeko eta Txantreako lagun taldeen eskutik. Kideek gitarraren, baxuaren eta bateriaren doinuak konbinatzen dituzte, oro har, Barricada, Segismundo Toxicomano, Deskontrol eta halako taldeen bertsioak jota. Horretaz gain, ekoizpen propioak ere badituzte. Adibide da, esaterako, taldearen bigarren lana, Gure doinuak. 2017an aurkeztua, eta K estudioan ekoitzia. Lanak Kutxi Romero, Alerta Gorria eta Kaotiko taldeen laguntza izan zuen. Abesti gehienak euskaraz diren arren, badituzte gaztelerazko abestiak ere; gai sozialak lantzen dituzte, gehienbat.Egubakoitzeko musika eskaintzari amaiera emanaz, Streetwise taldeko iruindarrek ere emanaldia eskainiko dute Andramaixetan. Taldeak Street Oi!abestia estreinatu berri du, kontzertuz kontzertu taldea jarraitzen duten zaleei eskainitako lan berezia.

Asteburuan murgilduta

Egubakoitzekoak ez bezala, zapatuko kontzertuak "nahiko azkar" lotu zituztela azaldu dute Gatza City Crew-ko kideek. Hala, zapatu gauean ere dantzarako aukera ugari izango dira. 23:00etan hasita, Parrapas erromeria taldea arituko da taula gainean. Eibarko eta Ermuko bost gaztek osatzen dute. Errepertorio zabala dute, erromerietan entzuten diren abesti tipikoz osatua, baita estilo desberdinetakoak, eta, gainera, abestiak euren erara moldatzen dituzte. Jarraian, The Big Mac DJek girotuko dituzte jaiak. Bi aretxabaletarrez osatutako DJ bikoteak, diskoak jartzeaz gain, umorearen bitartez ondo pasatzeko aukera eskaintzen du. Orokorrean, musika elektronikoa izango da entzungai, baita hou-se, drum-and-bass eta db step estiloko abesti dantzagarriak.

Azken egunean, Mexikoraino

Los Renampas Y El Mariachi taldeak boskote formatuan eskainiko du emanaldia domeka arratsaldean. Jaiei amaiera emateko, talde nafarrak Mexi-koraino eramango ditu entzuleak, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak