'Leintz lotzen' eguna izango da domekan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko api. 25a, 15:47
Gatz bidie-n dagoen ikurra, atzean Zarimutzeko eliza ikusten dela.

Gatz bidie, Leintz lotzen egitasmoko kideek, Sendabide Elkarteak, Hustu ganbara herri egitasmokokoek eta hainbat norbanakok elkarlanean antolatu dute, bidea berreskuratu eta sustatzeko eta VHL sindromea ikertzeko diruz laguntzeko.

Apirilaren 28an, Leintz lotzen eguna ospatuko da, Gatz bidetik sendabidera lelopean. Hainbat elkarteren indarrak batuz, bailarako herriak eta pertsonak hurbiltzeaz gain, Gatz bidie ezagutzera eman eta Sendabide elkarterako finantzazioa lortzea izango du helburu egun horrek. 

Gatz bidie Eskoriatza eta Gatzaga lotzen dituen PR-100 bideari eman dioten izena da. Gatzaga bailararekin lotzen duen bidea da, eta berreskuratu eta sustatzeko asmoz hainbat ekintza egingo dituztela adierazi dute egitasmoaren aldeko kideek. "Ezagutzeaz bat, bidearekin maitemintzen zara eta behin erabili duenak errepikatu egiten du. Hala, Gatz bidie, Leintz lotzen ekimeneko kideok, Sendabide elkartekoek eta Hustu ganbara herri egitasmoko kideek elkarlanean prestatutako jaieguna da. Horiez gain, txistulariek, txalapartariek, musikariek, abeslariek, Gurel Guraso Elkarteko kideek eta norbanakoek lagundu dute guztia antolatzen eta ahalbidetzen", adierazi dute Gatz bidie, Leintz lotzen egitasmo kideek.

Ibilbide kultural eta solidarioa

09:30ean Aretxabaletako plazatik irtenda emango diote hasiera egunari. Eskoriatzara heltzean, tren geltoki zaharrean batuko dira zenbait herritar Gatzagarako bideari ekiteko. Bidean zenbait sorpresa izango dituzte: adarra, bertsoak, txalaparta… 12:00 aldera iritsiko dira Gatzagara, eta plazan, txistulariek emango diete ongietorria irteeran izan direnei.

Plazan bigarren eskuko gauzen merkatua egongo da, Hustu ganbara taldeak antolatuta, eta bertan lortzen den diru guztia Sendabide elkartearendako izango da. Horrekin batera, frontoian prestatuta izango dituzte mahaiak ibilbidea oinez egin dutenek, kantu bazkarirako. "Norberak eraman beharko du jatekoa, eta baita abesteko gogoa ere. Eta ondoren, nahi dutenentzat, haur, guraso zein aitona-amonentzat, Gurel Guraso Elkarteak antolatutako familia-talde jolasak izango dira. Ea eguraldiak laguntzen duen…".

'Hustu ganbara' azoka

Hustu ganbara Gatzagan aldiro egiten den bigarren eskuko azoka da. Herritarrek erabiltzen ez dituzten arren erabilgarri dauden arropak, altzariak, jostailuak… jasotzen ditu Hustu ganbara-k. Horiek sailkatu eta prezioa jarri ondoren, azokan jartzen dituzte salgai. Helburua da gauzen bizitza luzatzea, berrerabiltzea, eta ateratzen den dirua Gatzagan ekintza kulturalak bultzatu eta antolatzeko erabili ohi izan da. Aurten, berriz, bailaran sortu berri den Sendabiderendako izango da lortutako diru guztia.

Dirua, VHL sindromea ikertzeko

"Erabiltzen ez ditugun gauzei irtenbidea emanaz ekintza kultural eta zein solidarioak bultzatzea da Hustu ganbara ekimenaren helburua. Eta herritarrek emandakoarekin lortutakoa herritarrei itzultzea. Hori horrela, aurten, VHL sindromearen ikerketari laguntza emateko izango da batzen den dirua". Sendabide Euskal Herriko Von Hippel Lindau sindromearen inguruan eragiteko sortutako elkartea da, gaixotasunaren eraginak jaso dituztenek, familiartekoek eta lagunek eratua. 2018an sortu zen Sendabide. Alde batetik, gaixotasun arraro hori ezagutzera emateko eta, bestetik, ikerketa proiektuak sustatzeko helburuarekin. VHL sindromea ezaugarri genetikoek sortzen dute, eta VHL izeneko geneak duen mutazioaren ondorioz, gorputzeko hainbat ataletan tumoreen hazkundea gertatu ohi da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak