Euskal ziklismoaren bilakaera ezagutzeko erakusketa

Mireia Bikuña 2018ko aza. 8a, 21:00

Kas taldeko masajista izandako Karmelo Uriak batutako materialaren  zati bat ikusgai ipini du Dorletako Ama Txirrindulari taldeak, bereziki, euskal  txirrindulariei eta bailarakoei egin diete aitortza, eta baita Sean Kelly irlandarrari ere.

Kas taldeko masajista izandako Karmelo Uriak ganbaran zuen materialak argia ikusi du. Dorletako Ama Txirrindulari taldeak 133 koadroz osatutako erakusketa ipini du Dorleta santutegian.  Koadroez gain, hainbat txirrindularik ama birjinari utzitako maillotak ere ikus daitezke. Etzi, domeka, zabalduko dute erakusketa, eta martxo bukaera arte egongo da ikusgai. "Eskaerapeko bisitak egingo ditugu. Gurekin sare sozialen bidez kontaktuan ipinita adostuko dugu eguna eta ordua. Santutegiaren atean ere egongo dira telefonoak gurekin harremanetan ipintzeko", esan du Dorletako Ama Txirrindulari taldeko kide Joserra Agirreurretak.

Euskaldunak eta bailarakoak

Euskal Herriko txirrindulariak izeneko erakusketan, "etxeko ziklistak" daude, bereziki. "Euskal zaleak munduko onenak garela esaten da beti. Bada, guk erakutsi gura dugu euskal ziklistak onenak izan direla une askotan. Uriak esan izan du Eddy Merckxen garaian zegoen talde onena Kas zela. Eta hori bada zerbait", aipatu du Agirreurretak. Eta, euskaldunen artean, leku berezia dute bailarakoek. Hamabik. Santutegian sartu eta segituan, Debagoienak emandako ziklisten errepasoa dago: Mikel Lizarralde, Enrique Alonso, Jon Odriozola... Eta Markel Irizar ere bai. Euren argazkiak eta maillotak ikus daitezke. Santutegiaren erdian dauden argazkietan, euskal ziklistak dira nagusi. Askotariko egoerak erakusten dituzte erretratu horiek: helmugara heltzen, aldapak igotzen, gurasoen zorionak jasotzen, taldeko kideekin solasean... Argazki guztiak daude
identifikatuta; askotan, egoera eta lekua ere zehazten dira. Euskal ziklista horien artean, badago kanpotar bat: Sean Kelly. "Uriak eta Kellyk aita-semeek duten antzeko harremana zuten, eta Uriaren omenez ipini dugu Paris-Roubaix probako argazki bat", esan du Alberto Altubek.

Munduko txapeldunak

Santutegiaren aldare parean ipinita, ezkerretara, ziklista izarrak daude. Goren heldu diren txirrindulariak. Tartean, munduko txapeldun izandakoak. Eta gune horretan dago, hain justu ere, erakusketan dagoen emakume bakarra: Joane Somarriba. Hura ere, munduko txapeldun izatearren. Tourra eta Giroa ere irabazi izan zituen bizkaitarrak. "Izarren gune horretan leku berezia dauka Marino Lejarretak. Ez da munduko txapeldun izan, baina, guretako, oso inportantea da, oraindik ere". Munduko azken txapeldun Alejandro Valverderen maillota ez dago erakusketan, oraingoz. Baina bidean da. "Eusebio Unzuek esan digu ekarriko dutela. Bidaliko digutela; eta zain gaude", kontatu dute. Bildumaren laugarren gunean, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako argazkiak eta maillotak daude.

Istripu batzuk ere bai

Ziklistak oinarri dituzten erretratuez gain, euskal txirrinduaritzak bizi izandako bi gertaera gogora ekarri gura izan dituzte antolatzaileek: batetik, Migel Mari Lasak 1968ko Frantziako Tourrean izandako istripua, sorbalda apurtu zuenekoa; beste alde batetik, Joseba Belokiren erorikoa 2003ko Tourrean.

Babesleei aitortza

Euskal txirrindularitzan eta, oro har talde guztietan, babesleek izan duten garrantzia azpimarratu dute. Bailarako harrobiko taldeak babestu dituzten maillotak ikus daitezke: Arrasate Kirolak, Jai, Eroski... "Erakusketaren sarreran, Fagor taldearen argazki erraldoi bat ipini dugu. Fagorri, txirrindularitzan izan duen indarra eta garrantzia aitortu gura izan diogu".

Beste ekintza batzuk

Erakusketa zabalik dagoen artean, beste hainbat ekintza egin gura dituzte; besteak beste, mahai-inguruak txirrindulari profesionalekin eta amateurrekin, eta harrobiko taldeen aurkezpenak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak