Txondorraren bueltan egingo diote ongietorria neguari gatzagarrek

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 4a, 19:30

Neguari ongietorria egiteko jaia antolatu dute Leintz Gatzagako liburutegiko kideek. Datorren zapatuan, hilaren 10an, izango da, eta mendi buelta eta ipuin kontaketa iragarri dituzte besteak beste. Hori girotzeko txondorra egin dute Gatz museoan, eta eguenaz geroztik piztuta dute.

Gatz museoko errotak buelta eta buelta jarraitzen du, baina orain, alboan lagun berria dauka, txondorra. Herriko hainbat lagunek gertatu zuten hori eguenean, eta ordutik kea dariola dago. "Liburutegiko taldeak eskatu zigun egiteko, nahiz eta jakin ez dela sasoirik onena horretarako. Eta halaxe hainbat herritar animatu egin gara", adierazi du Iker Gabilondok. Nafarroako era eta hemengoa nahastuta egin dutela jakinarazi du, pago egurrarekin, eta mimo handiz ari dira zaintzen hori, gau eta egun, hiru orduko txandatan banatuta. 

Asmoa da astebeteren bueltan mantentzea: "Berak irauten duena, astebete, gutxitxoago, gehitxoago… Ikusiko dugu zein ezusteko ematen digun". Nahiz eta ikatza ateratzeko helburuarekin ez egin pozik hartuko dutela hori dio: "Ikatza lortuz gero gusturago geratuko gara. Horri, gainera, emango diogu erabilera; herrian parrillada pare bat egiten ditugu urtean eta horretarako izango litzateke". 

Antzinako lanbideak ezagutzen

Saioa Urrutia liburutegiko lantaldeko kidea da, hain zuzen txondorraren sustatzaileetako bat. "Urtero egiten dugu irakurzaletasuna bultzatzeko ekintzaren bat; iaz, esaterako, ipuin kontaketa saioak izan genituen liburutegian. Aurten, baina, liburutegitik kanpora irten gura genuen, eta herriarekin nahastu". Hala, ezagutza handia dagoela herritarrengan jakinik jarri dute ekimena abian: "Herrian izugarrizko altxorra dugu, hortaz, goazen lehengo lanbideren bat azaleratzera esan genuen geure artean". Esan eta egin, neguari ongietorria jaia antolatuta.

San Milixan egunaren bezperan, azaroaren 10ean, egingo dute jai hori. Mendi buelta antolatu dute lehenengo (10:00), ordu eta erdi ingurukoa, eta ondoren, txondorra ezagutzera gerturatuko dira Gatz museora (11:30). "Txondorraren gaineko argibideak emango ditugu. Gainera, ordurako ikatza batzeko moduan egongo da". Egurretik ikatzera, antzinako lanbidea ezagutu izena jarri diote hain zuzen txondorraren bueltan egingo duten ekitalditxoari.

Pello Añorgak gidatutako ipuin kontaketa izango dute gero (12:00), eta bukatzeko mokadutxo bat eskainiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak