Gatza City Crew Leintz Gatzagako gazte taldeak antolatuta, rock kontzertuak izango dira egubakoitzean, 22:00etatik aurrera. Brigade Loco talde bergararra, Aretxabaletako eta Gatzagako musikariek osatutako Criminal Remains taldea, Azken Sustraiak talde beasaindarra eta Crim talde kataluniarra igoko dira oholtzara.
Azken urteotan ekarri dituzten moduan, guztiak punk-rock eta punk-oi! taldeak izango dira, eta kanpotik ere jendea gerturatuko delakoan daude antolatzaileak. Honela adierazi du Beñat Agirreurretak, Gatza City Crew taldeko kideak: "Beti saiatzen gara antzeko estiloko taldeak ekartzen. Gatzagako gazteen artean eta ingurukoen artean gustukoak izaten dira, eta jaiei hasiera ederra emateko jende dezente batuko delakoan gaude".
Agirreurretaren azken saioa
Criminal Remains taldeko musikaria da Beñat Agirreurreta, eta taldea uztea erabaki du. "Taldeak jarraitu egingo duen arren, nire azkeneko emanaldia izango da, eta Leintz Gatzagako jaietan, non bestela, erabaki dut azkeneko kontzertua eskaintzea".
Kataluniarren apustua
Antolakuntzak Crim talde kataluniarra ekartzeko saiakera handia egin duela adierazi du Agirreurretak, eta taldekoak ere portatu direla gaineratu du. "Ez da erraza Kataluniatik Gatzagara talde bat ekartzea, duen kostuagatik… baina mereziko duelakoan gaude. Crim taldekoek beraien partetik asko jarri dute, eta hori eskertzekoa da. Hori horrela, rock kontzertuen gauera gonbidapena egin nahi dugu, emanaldi bikainak izango direlako…".
Estilo ezberdineko taldeak
Rock kontzertuez gain, beste estilo batzuetako taldeak ere izango dira Andramaixetan. Zapatuan, Ezetz! erromeria taldearekin dantzaldia izango da eta domekan, The Potes taldea izango da oholtza gainean.