Parte-hartze arrakastatsua
24 bikotek parte hartu zuten pilota txapelketan –horietatik lau emakumezkoak–, eta, ostean, ia 100 lagun batu ziren elkarrekin bazkaltzeko. Bikain prestatutako paella eta okela saltsan jan ostean, bazkalostean jokatu ziren pilota finalak. Gizonezkoetan, Oier Urrutia eta Joseba Zubizarreta izan ziren. Emakumezkoetan, berriz, Lierni Zangitu eta Ibone Arrieta. Partehartze handiaz gain, izugarrizko pilota partiduak jokatu ziren Gatzagako frontoian, eta zaleek asko disfrutatu zuten. Lagunarteko partiduak izan ziren arren, lehia handia egon zen, eta pozik geratu ziren bertaratutakoak. "Ez genuen espero pilota partiduetarako hainbeste jendek izena ematea. Bailarako herri askotatik etorri da jendea, eta benetan harrituta gaude erantzunarekin", azaldu zuen Asier Urizar antolatzaileak.
Helburua, elkartasuna adieraztea
Pilota finalak jokatu ostean, 20:00etan kontzertuek hartu zuten protagonismoa. Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Arrasateko hiru taldez gain, Iruñeko talde bat ere izan zen bertan kontzertua eskaintzen.
"Garrantzitsuena, ahal dugun heinean, Altsasuko gazteei laguntza ematea da, eta nik uste dut hemen muntatu duguna ikusten badute poztuko direla", adierazi zuen Urizarrek.