Eugeni Kerejeta: "Emakumeek paketatze lana egiten genuen; bestea, gizonek"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urr. 20a, 10:27
Eugeni Kerejeta, gazkin ohia.

Domekan, Gatzaren Eguna izango da, eta hainbat ekintza egingo dituzte; horietako bat gatz lantegiko langile eta garraiolari izandakoei omenaldia egitea izango da. Hainbat gazkin omenduko dituzte, eta horietako bat da Eugeni Kerejeta gatzagarra.

Eugeni Kerejeta, lau urtez paketatzaile aritu zen lanean:

Zein lan egiten zenuen gatz lantegian?

Nik paketatzea egiten nuen. Mahaian jarri, batek poltsatxoa betetzen zuen, eta besteak kartoietan sartzen zuen. Gero, gizonak egurrezko kaxetan sartzen zituen josita, estaziora eramateko.

Noiz izan zen hori?

Ba, egin kalkuluak... gaur egun, 88 urte ditut, eta 28 urte nituenean hasi nintzen bertan lanean, 32 urte nituenean ezkondu nintzen arte.

Zenbat langile izan zineten garai hartan?

Dozena bat lagun ginen. Bost edo sei emakume eta beste horrenbeste gizon. Emakumeak paketatzen izaten ginen eta gizonezkoak gatza egiten. Ezkontzean, lanetik irteten joan ginen. Rosarito Arana izan zen urte gehien eman zituena, zortzi egin zituela uste dut, hura izan zen azkena.

Zein zen gatzaren prozesua?

Uretatik gatza hartzen zuten gizonek, eta hodi batetik irteten zen behera, emakumeak geunden lekura. Han gizon batek su egiten zuen eta gatza sikatzen genuen paketatu aurretik. Sikatu eta bero-beroa egiten zen…

Lana gogorra zen?

Ez. Eserita egiten genuen lan, baina, astean behin, bati zutik egitea lan egokitzen zitzaion, poltsatxoak betetzen. Gizonak ere oso lasai ibiltzen ziren lanean… Hala ere, guk astelehenetik zapatura egiten genuen lan, goiz eta arratsalde, eta garai hartan, gainera, ez zeuden gaur egun dauden zubiak…

Garai zailak ziren?

Eguneko zortzi pezeta irabazten genituen, eta, behintzat, heltzen zitzaigun dirua zerbaitetarako. Horrekin konpondu behar genuen. Hala ere, garai hartan, gauzak merkeago zeuden gaur egun baino…

Domekan omenaldia; zer espero duzu?

Gaur egun zer egiten duten ikustea da nire asmoa, orain nola egiten duten… eta horrekin konforme.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak