Prozesu ireki horrek bi helburu izango ditu: batetik, Udalak gatz iturburuaren ustiaketarako egindako proiektua aurkeztea eta herritarren ekarpen eta iritziak jasotzea, eta, bestetik, herriaren etorkizunaz hausnarketa egitea eta erronka eta behar nagusiak identifikatzea.
Prozesua Aztiker Soziologia Ikergunearen aholkularitzarekin garatuko da, eta hiru urrats ezberdinetan egin nahi dute: lehenengo urratsa irailaren 20an izango da. Iraganetik etorkizuna proiektatuz: herriak izan duen bilakaera ezagutu eta norbanakoen nahiz elkarteen artean diagnosia eta kontakizuna eraikiko da.
Bigarren urratsa, berriz, irailaren 27an izango da, eta gatz iturburuaren proiektua ondo ezagutzeko eta ekarpenak egiteko saioa izango da.
Hirugarren eta azken urratsa, berriz, urriaren 28an izango da. Etorkizuneko proiekzioan sakondu: erronka nagusiak eta lehentasunak identifikatzeko saioa izango da.
Herritar guztiei deia
Iturburuaren proiektua garatzeko lan-saio guztiak 18:00etan izango dira, kultura etxean, eta, herriaren etorkizuna eta herriaren garapen sozial eta ekonomikoa lantzeko, Leintz Gatzagako Udalak ezinbestekotzat du herritarren eta eremu ezberdinen arteko elkarlana eta harremanak garatzea. Horrenbestez, antolatu diren hiru bilera edo lan-saioetan parte hartzeko dei egiten die herritar guztiei, denen artean erabakiak hartzeko asmoz.