Marisaneko bidegurutzea egokituko du Foru Aldundiak

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 9a, 11:52
Aintzane Oiarbide eta Eneka Zankada lanak egingo diren Marisako bidegurutzean.

GI-627 eta GI-3310 errepideen arteko bidegurutzeko segurtasuna hobetze aldera Gipuzkoako Foru Aldundiak obrak egingo ditu Leintz Gatzagan, Gure Ametsa jatetxea –Marisa– eta Gatza-Gain jatetxeen arteko bidean. Gaur egin den proiektuaren aurkezpenean, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretarako diputatua izan da lanen berri ematen.

Gasteiztik Eibar-Maltzagara doan GI-627 errepidearen eta Eskoriatzatik Leintz Gatzagara doan GI-3310 errepidearen arteko bidegurutzean egingo dituzten lanak, urtea amaitu aurretik egin nahi ditu Foru Aldundiak, eta aurtengo udazkenean egitea aurreikusten dute. Lan guzti horiek 236.000 euroko aurrekontua dute, BEZa barne, eta obraren iraupena, berriz, hiru hilabetekoa da.

Segurtasuna bermatze aldera

Bidegurutzean bide segurtasuna hobetzeko helburuaz egingo dituzte lanak adierazi du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak: "AP-1 autopista martxan jarri zenetik trafikoak beheranzko joera badauka ere, oraindik trafiko handia jasaten du errepide horrek, batez ere uda garaian. Aurreikusten ditugun lan hauek amaitzen direnean asko irabaziko du segurtasunean", zehaztu du Oiarbide diputatuak.

Gurutzaketa angelu txikia

Bidegurutzeko angelua oso txikia da eta horrek arazo ugari eragiten dituela adierazi dute gaurko aurkezpenean. Batetik, GI-627 errepidetik Eskoriatzako noranzkoan doazen ibilgailuak abiadura handian sartzen direlako eta kontrako noranzko erreia hartzen dutelako askotan.

Era berean, GI-3310etik errepide nagusira sartzen diren ibilgailuetako askok ez dute STOP seinalea errespetatzen eta ez dute beren abiadura murrizten, galtzada nagusiaren ikuspen ona baitute.

Bukatzeko, GI-627 errepidetik Gasteizko noranzkoan zirkulatzen duten ibilgailuek eskuinera biratzen dutenean GI-3310 errepidean sartzeko, kontrako erreian sartzen dira, biratzeko adarraren erradioa txikia delako. Autobusek ere ezinezkoa dute Eskoriatzarantz doan GI-627ko adarraren eta GI-3310eko adarraren arteko mugimenduak egin.

T formako bidegurutzea

Horregatik guztiagatik, obraren helburua bidegurutzea aldatzea dela azaldu dute, eta T formako bidegurutzea eratzea izango da, egingo dena. Modu horretan, ibilbideen artean angelu handiagoa izango du eta, erdigunean itxaroteko erreiak jarrita, ibilgailuek biraketak segurtasun handiagoz egingo dituzte. Hori lortzeko, bigarren mailako errepidearen (GI-3310) ardatza aldatu egingo da.

"Lanak amaitzen direnean, mugimendu guztiak askoz argiagoak izango dira. Eskoriatzatik Gasteizera doanak STOPa egin beharko du eta bi errepideen arteko biraketa kontrako erreia zapaldu gabe egin ahal izango da", gehitu du Bide Azpiegituretako diputatuak.

Errepidea zabalduz

Egingo diren lanen artean, GI-627 errepidearen plataforma zabalduko da 3,5 metroko itxarote erreia ateratzeko. Baita ere, errepide horretako abiadura 60 km/h-ra mugatuko da bidegurutzetik igarotzean eta eguzki plakez hornitutako led motako luminariekin argiztatuko da zonaldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak