Egun pasa ederra egin zuten, eta Bermeoko herriarekin harremnak sakondu eta gatzaren kultura ezagutarazteko aukera izan zuten. Gatzagako gatz museotik 07:00etan irten ziren; sei lagun oinez eta bakarra bizikletan. Marixekatik pasata Zabalaundira, handik Atxartera eta Durangon egin zuten lehenengo geldialdia, 12:00ak aldera.
Durangon bi lagunek erreleboa eman zioten hurrengo tartea egingo zuten beste bi kideri, eta lekukoa Leintz Gatzagako ura eta gatza izan zen.
Durangotik Gernikara bitarteko bidean beste lau lagunek hartu zuten erreleboa, eta bizikletan irten zenak aldiz, osorik egin zuen bidea. 80 kilometrotako ibilbidea hamahiru ordutan egin zuten, Bermeora 20:00etan iritsiz.
Arrain azoka arrakastatsua
Gatz museoak jarritako postuan bisitari ugari izan ziren goiz osoan zehar, eta gatzagako gatz-ura eramateaz batera, dorla bat martxan jarri zuten, bermeotarrek, bertatik bertara, gatza nola egiten den ikusi zezaten.
Umeentzako tailerrek ere arrakasta izan zuen, gatza eta irinarekin egindako plastilinarekin oso gustura aritu ziren txikienak.
Harrera bikaina
Egun guztian jarraipena egin zioten mendi martxari megafonia bidez, eta mendizaleak iristean harrera berezia egin zitzaien. Portuko sirenak jo eta Bermeoko txistulariei ongi etorria egin zieten, aurresku eta guzti. Bermeoko Idurre Bideguren alkatea bertan izan zen mendizaleen eskutik lekukoa jasotzeko. ondoren, alkateak kontserbagileen zazpi ordezkariei gatz pote bana eman zien.Gonbidapena luzatutaBermeotarrei gonbidapena ere luzatu zieten gatzagarrek, urrian, Leintz Gatzagan egingo den Gatzaren Egunera joateko.