Horietako bat da forja-lanketa edo, zehatzago esanda, errementaritza artistikoaren erakustaldia egingo duela plazan Gatzagako Sualai enpresak. "Sutegia muntatuko du ikatzarekin eta bertan egongo da mailuari joten, pieza batzuk eginez", esplikatu du Joannes Mendizabalek, Leintz Gatzagako Kultura zinegotziak.
Beste bat da urtero taloak egiteaz arduratzen den Sorginak Emakume Taldeak gaztetxoendako talo-tailerra antolatu duela Gurel guraso elkartearekin elkarlanean; 11:00etatik 13:30era. "Nahi duenak etorri, bere taloa egin eta jan egin dezake", esan du Kultura zinegotziak.
Gatz fabrikako lekukotza
Kultura etxean da aparteko beste hitzordu horietako bat: Leintz Gatzagako ikurra den gatz fabrikan –orain museoa– lanean jardundako Teodoro Plazaola 90 urteko gatzagarraren testigantzarekin landutako 10 minutuko dokumentala proiektatutako da, 10:00etatik 14:00ak arte, etengabe.
Gatz Museoarekin jarraituta, bisita gidatu bereziak eskainiko dituzte San Milixanen bueltan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. "Bisitarekin batera, bisitariek jasoko dute gatz potetxo bat, oroigarri", azaldu du Mendizabalek.
Eta euskal artisauen azoka aberastuko du, baita ere, Anelkarrek, Antzuolako gobernuz kanpoko erakundeak, bidezko merkataritzako produktuak jarrita.
Dorletako Ama elkartea
Domekan izango diren stand-en artean, dena den, izango da artisautzarekin zerikusirik ez duen erakustoki bat: Dorletako Ama Txirrindulari Elkartearena.
Helburu bikoitzarekin jarriko dute postua: dirua batzea eta elkartearen altxorrak partekatzea. "Diru laguntzak murriztu egin dira urteotan, baina ez gastuak. Horiek etengabe garestitzen dabiltza –aseguruak, txirrindularien kuotak…–. Guk urtean bi lasterketa antolatzen ditugu: uztailekoa –mendiko bizikleta martxa– eta irailekoa, herriko jaien bueltan. 5.000-6.000 euro behar ditugu horiek antolatzeko. Hala, iaz txartelak saltzeko aprobetxatu genuen San Milixan eguna, eta aurten ere hala egingo dugu. 300 euroko balioa duen Gabonetako otarrea zozkatuko dugu sari nagusi modura –Gabonetako loteriarekin batera– eta bi lagunendako otordua Gure Ametsa jatetxean, berriz, bigarren sari modura", esplikatu du Alberto Altubek, Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteko kideak.
Elkartearen altxorrei dagokienez, txirrindulari mitikoen maillot mordoa erakutsiko dituzte azokan, urteetan Dorletako Amari eskaintzan laga dizkiotenak, gehienak Arlabanen laga ere: "Indurainena, Lejarretarena, Bahamontesena, Olanorena, Alonso arrasatearrarena… Ikusgai jarriko ditugu, baita ere, antolatzen dugun mendiko bizikletako lasterketaren azken 14 urteotako kamisetak. Bestalde, iaz jarri genuen egurrezko bizikleta bat, eta emakumezkoen beste bat, antzinakoa".
Bizikleta erraldoia
Hori, baina, elkartearengandik etorriko den ekimen "ohikoa" da. Izan ere, San Milixan azoka baliatuko dute Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteko kideek hilabeteotan lantzen diharduten aparteko ekimen baten berri emateko. "Tourmalet-eko tontorrean jarrita dagoenaren moduko bizikleta erraldoi bat jarri gura dugu, eta haren ondoan iturri bat, txirrindulariendako. Bospasei metro inguruko eskultura izango da. Bagabiltza lantzen, baserri batean. Eta kokalekua ere aztertzen gabiltza. Hasierako asmoa zen Dorletako Amaren beraren parean jartzea, baina, segurtasun kontuengatik, Gipuzkoako Diputazioak eragozpenak jarri ditu. Eta orain gabiltza aztertzen Benta Fria inguruan jartzea", esan du Alberto Altubek.
Autobusa doan
Gatzagarrek egin dute, bada, domekarako hitzordua. Bisitarien etorrera errazteko eta are erakargarriago egiteko, gainera, Leintz Gatzagako Udalak autobusa doan jarriko du, ordu erdiko maiztasunarekin. 10:00etan aterako da lehenengoa Eskoriatzatik eta 14:30ean jaitsiko da Leintz Gatzagatik Eskoriatzara azkeneko autobusa.