Leintz Gatzagako gatza ibarreko jatetxeetan urritik aurrera

Ubane Madera 2015ko urr. 2a, 16:00
Leintz Gatzagako gatza.

Leintz Gatzagako Udalak baiezkoa eman dio Debagoieneko Mankomunitatearen proposamenari, eta, Gatz Museoko arduradun Aitor Larrañagak esplikatutako moduan, urritik abendura bitarteko jardunaldi gastronomikoetan Leintz Gatzagako gatza izango dute jankideek Debagoieneko jatetxeetako mahaietan.

"Ikusita gastronomikoki gatza oso produktu singularra dela, eta ez dela edozein bailaratan aurkitu ahal, gurean egonda, eskatu digute Leintz Gatzagako gatza jardunaldi gastronomikoetan presente egotea: bertan eskainiko diren menu berezietan eta ekintza berezi guztietan gure gatza presente egotea", esplikatu du Aitor Larrañagak, Gatz Museoko arduradunak.

Gatzontziak, gatza probatzeko 

"Jatetxeetan gatzontzi batzuk ipiniko ditugu, gatz hori jaten ari garen bitartean erabili eta dastatu ahal izateko, eta bestelako ekintzetan ere bai", zehaztu du Larrañagak. "Gatz hori nabaritzen da janaria platerean dagoela, gainetik botatzen badiogu, orduan bai apreziatzen da, txuleta bati, arrain bati, entsalada bati… hortaz, horrela erabiliko da. Sukaldariek mahaira prestatuta ateratzen duten plater horretara ere bota ahalko dio sukaldariak mahaian bertan, aurkeztu aurretik", gaineratu du Larrañagak.

Gatza merkaturatzekotan

Hori da epe motzera begira Debagoieneko gatzari emango dioten irteera; urteotan oroigarri eran saltzen dihardute 30 gramoko pototan, Gatz Museoan eta udalerriko Labidea saltokian.

Epe ertain-luzera begira, berriz, gatza leku gehiagotan merkaturatzeko pausoak ematen dabil Gatzagako Udala. Adibidez, diseinu berriarekin 70 gramo gatz izango dituzten potoak atera eta "diseinu horrekin berarekin" aterako lituzkete beste formatu batzuk: "Gatz pote handiagoak".

Ekoizpena handitu egin behar

Gatz-ekoizpena handitu egin beharko dute horretarako, eta hain justu, asteon ekoizpen linea prototipoa lantzen eta ikasten jardun dute Gatz Museoan, Stirling sistema oinarri duena. "Gatza produzitzeko behar dugu beroa sortu. Labadora moduko makina txiki bat da eta egingo duena da beroa sortu eta horrekin batera argindarra sortu"; hala argindar hori ere, gatzaren ekoizpenerako erabiliko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak