Irailaren 4an (barikua) hasi eta hurrengo martitzenera bitarteko ekitaldiak prestatu dituzte gatzagarrek. Bost egunotan, ekitaldirik mardulenak zapatukoak eta domekakoak izango dira.
Lehen eguna
Hala, egubakoitzean, 18:00etan, etxafuegoekin, kanpaiekin eta txalapartarekin iragarriko dute jaien hasiera, eta ordu erdi geroago apar festarekin estreinatuko dute egitaraua. 19:30ean, berriz, buruhandiak aterako dira eta rock jaialdia iragarri dute gauerako, 22:00etan hasita.
Larunbata: herri-afari eguna
Zapatuan, berriz, Ines Osinagaren gidaritzapeko trikitilariek, Leintz Gatzagako eskolakoek girotuko dute eguerdia, kalejira eginez. Ordu erdi geroago, 12:30ean, malabar ikuskizuna egingo du Nai-k eta13:00etan Batukot batukadak hartuko du trikitilarien txanda.
Zapatu arratsaldeari dagokionez, musean eta briskan jardungo dute elkartean, 16:00etatik. Umeek, berriz, puzgarriak izango dituzte 17:00etan, eta boloen txanda iritsiko da 18:00etan. Herri-afarirako (21:30) girotzen joateko mexi-poteorako gonbitea egin dute 20:00etan, Los Soraluzeños taldeak lagunduta. Eta gaua giro onean bukatzeko, hip-hop eta dantzarako doinuak bertaratuko dituzte Kodigo Norte eta Fan&Go musika taldeek, 23:00etatik.
Trialsin erakustaldia
Domekan kirolek hartuko dute protagonismoa, goizean hasi eta iluntzera arte. Hala, hasteko, 09:30ean, mendi bizikleta zeharkaldia iragarri dute; eta behin herrira bueltan direla, 13:00etan harri-jasotzaileek, aizkolariek… egingo duten herri kirol saioa ikusi ahalko dute guztiek ere, plazan.
Pilotari dagokionez, Leintz Gatzagan duten frontoi ederrean pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte senior eta gazte mailako pilotariek, 17:00etan. Eta kirol kontuak borobiltzeko, trialsin erakustaldia egingo du Aitor Muruak 19:00etan, plaza inguruan.
Mexikar musika
Edozein modutan, domekan musikak ere izango du leku nabarmena, 18:00etan Elektro-Txarangaren eskutik eta 20:00etan, Txamukos mariatxien rantxerekin. Gazteendako zein helduendako eskaintza, bada, gatzagarrek prestatu dutena.
Astelehena fededunen eguna izango da, 19:00etan bederatziurrena esango dute-eta Dorletako Santutegian Eskoriatzako abesbatzarekin, eta ondoren gazta, ogi eta ardoz osatutako mokadutxoa partituko diete bertaratutakoei.
Leintz Gatzaga-Olandixo, biak bat
Andramaixak bukatzeko olandixoarren laguntza izango dute gatzagarrek, ezin bestela izan, jakina! 11:30ean emango diete haiei ongi-etorria eta 12:00etan mezetarako hitzordua izango dute, atzera ere Eskoriatzako abesbatzaren laguntzarekin. Eta 17:00etan, Otxandioko lagunekin pilota partidak jokatuko dituzte, bolo txapelketa eta haurrendako jolasekin bukatuko dituzte 2015eko Andramaixak.