Kopuru horretatik, 15.000 euro bideratuko dituzte aparkalekuen proiekturako; eta beste 26.000 euro turismoa bultzatzeko lantzen diharduten Leintz Gatzitzen izeneko proiekturako. Horiexek izango dira, hain justu, Udal Gobernuaren aurtengo inbertsio nagusiak. Edozein modutan, guztira, 47.483 euroko poltsa izango da inbertsioak egiteko.
Gainontzean, aipatzeko modukoa da, adibidez, zuzeneko zergak, zeharkakoak zein tasak eta bestelako sarrerak iazkoen kopuru berekoak izango direla.
Alegazioetarako epea
Udalbatzarrean onartutako proposamena buletinera bidaliko dute orain, eta jendaurrean jarri hamabost egunez, alegaziorik balego, horiek jasotzeko. Halakorik ezean, indarrean sartuko da, automatikoki.
Labidea, zortzi urterako
Aurrekontuaz gainera, atzoko udalbatzak onartutako beste puntuetako bat Labidea saltokiaren esleipenaren gainekoa izan zen. Hain justu ere, datozen zortzi urteotarako zerbitzu hori zeintzuek kudeatuko duten erabaki zuen Udal Gobernuak: Inaxio Gabilondok eta Ixidor Salaberrik. Edo, bestela esanda, azken urtebetean zerbitzu horren kudeaketaz arduratu direnak. "Urtebetean buelta handia eman diote saltokiari edo zerbitzuari, plaza inguruari ere bai… negozioarekin lotutako zenbakiekin ere konforme gaude. Eta gainera, etorkizunari begira, gaur egungo proiektua zabaltzeko asmoa dute, ekimen berriak martxan jarrita", azaldu zuen batzarrean Iñaki Agirreurretak, Kultura zinegotziak.
Eskola txikia, martitzenean
Bestalde, gai-zerrendan ez zetozen bestelako gai batzuk ere sartu ziren azken orduan, Udal Gobernuak azter zitzan. Eta horietako bat udalerrian abiarazi gura duten eskola txikiaren gainekoa izan zen.
Agirreurreta zinegotziak gai horrekin lotuta jakinarazi zuen datorren asteko martitzenean –otsailak 3– hitzordua dutela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariekin. "Eskola txikiaren gaineko proiektua oso ona da, eta hura defendatzera goaz. Gurasoendako ez ezik, herriarendako ere oso garrantzitsua dela uste dugu", azpimarratu zuen zinegotziak.
Iturriko uraren alde
Bukatzeko, eta bestelakoen artean, Debagoieneko Mankomunitateak egindako bi eskaera onartu egin zituen udalbatzak: bata izan zen botilako uraren erabilera txikitze aldera udalerriko etxeetan eta jatetxeetan iturriko ura erabiltzearen gaineko kanpaina egitea. Jatetxeen kasuan, esaterako, proposatuko dute lau mahaikideko pitxar bat ur erabiltzea. Eta bestea izan zen umeek ogitartekoa jatearen alde, hura eramateko ontzi bana banatzearen gainekoa. Bi puntuok onartu egin zituzten.