Herri baten 'gatza' erretratutan bilduta

Ubane Madera 2014ko urr. 6a, 10:18
Jose Felix Diaz de Tuesta erretratua ateratzen Goierri auzoko San Martin goikoa baserrian.

Oso-oso herri gutxik izango dute Leintz Gatzagak laster izango duen moduko dokumentazio lan ezohiko eta originalik: herriko bizilagun guztien erretratu-bilduma, hain zuzen ere.

Oso udalerri gutxik izango dute halako bilduma bat, oso udalerri gutxiren eskura dagoelako halako lan bat egin ahal izatea. Bi arrazoirengatik: batetik, udalerriaren bizilagun kopuruak baldintzatu egiten duelako proiektua bera gauzatu ahal izatea; eta bestetik, lan hori egingo duen pertsona behar delako.

Bada, Leintz Gatzagak bi ezaugarriok betetzen ditu: 240 bizilagun ditu; proiektua egingarri egiteko besteko dimentsio txikia, beraz. Eta proiektu hori gauzatuko duen pertsona ere badu: Jose Felix Diaz de Tuesta argazkilaria (Gasteiz, 1953).   

Banakakoak 

"Nik Gatzagako 200 bat lagunen argazkiak ditut orain; onespena eman didaten batzuk falta dira, horiek urrian egiteko asmoa dut.  Beste batzuk, berriz, badakit ezingo ditudala egin, ez dutelako nahi, eta hori ere normala da, guztiek ez dutelako zertan nahi izan halakorik; edozelan ere, gutxi batzuk dira horiek. 

Pertsona bakoitzarekin hainbat argazki egin ditut. Batzuk bakarka, beste batzuk lagunekin eta beste batzuk familiekin. Edozelan ere, nik nahi dudana da bakarka dauzkadan argazkiekin bilduma bat egin. Hau da, pertsonako argazki bana. Izan ere,  proiektuaren muina herritar guztiak ateratzea da, gatzagar guztiak  banaka, eta bakarka. Hortik aurrera, posible da, adibidez, familiakako argazki batzuk sartzea bilduman, edo ez. Prozesua irekia denez, ez dut erabakita. Baina bakarka izango direla, bai, hori segurua da", esan du argazkilari arrasatearrak.  

Estudiokoak, "demokratikoak"

Bestalde, argazkiok badute beste berezitasun ezohiko bat, halako lan baten ikuspegi estandarretik aldentzen den ezaugarria: argazki guztiak modu berean eginda daudela: Gatzagako pilotalekuan eta hondo beltz batekin. 

"Hasieran pentsatzen nuen pertsona bakoitza bere lanean, etxean… dagokion testuinguruan ateratzea; topiko-estandarra hori izaten da. Baina horrek teknikoki arazoak sortzen zizkidan. Gatzagan, konkretuki, jende asko baserrian bizi da, baina beste asko kalean bizi da; eta hor desoreka sortzen zen. Hori horrela, alde teknikotik soluzio ona zen biztanle guztiak hondo beltz baten aurrean erretratatzea, denak berdin, testuinguru berean. Nolabait esatearren, erretratu "demokratikoak" egin ditut, kamera aurrean gatzagar guztiek testuinguru eta egoera berberak izan dituzte-eta. Era berean, horrek proiektuari beste ikuspegi bat eman dio, bat datorrena, adibidez, Alemanian-eta dauden argazki-joerekin", esplikatu du Diaz de Tuestak.

Bilduma bai, baina zelakoa?

Erretratuon bilduma zela egin, edo, hobeto esanda, zela aurkeztu,  hori da argazkilariak erabat erabaki barik duen proiektuaren erpin bat. "Aztertu behar dut zela eman batasuna lanari. Badakit paperean argitaratzea oso garestia dela. Aukera hori ere aztertuko dut, baina zaila iruditzen zait. Leintz Gatzagan 80 familia izanda, asko jota familia bakoitzak liburu bat behar du. Eta 80 aleko tirada egiteak ez du zentzurik. Ez dut ikusten, momentuz  behintzat, hortik joko dudanik. Hala ere, aztertu beharra dago. Ez dago ezer baztertuta. Errazago ikusten dut argitalpen digital bat egitea. Ondo landutakoa, bere nortasunarekin. Adibidez, bilduma bat egin daiteke, eta Interneten argitaratu". 

Bilduma zela bataiatu, hori bai, hori erabakita dauka Jose Felix Diaz de Tuestak, hitz joko eran: Gatza gara.  

Bestalde, eta bere lanak argia zela ikusiko duen ez dakien arren, argazkilari arrasatearrak badakiena da proiektuko parte diren guztiei emango diela berak ateratako argazki bana opari, formatu digitalean. Eta Udalari bilduma bere osotasunean emango diola, hari ere opari.

Hartu eta eman

Izan ere, oparia izan daiteke Diaz de Tuestak bukatzear duen lana definitzeko berbetako bat. Oparia, berari inork ezer eskatu barik dabilelako lan antropologiko eta sozial hori egiten. Eta oparia, baita ere, musu-truk egiten dabilelako lan hori guztia, eta etorkizunean ere inolako etekin ekonomikorik ateratzeko pentsamendu barik. 

"Orain dela 20 urte, seguru aski, horrelako gauzarik ez nukeen egingo. Baina orain bada Internetek ekarri duen sentsazio edo egiteko modu berri bat: Interneten dabilen jende askok gauza asko egiten ditu doan. Eta iruditzen zait lan hau dela nik egin dezakedan ekarpen bat; nik gatzagarren beharra nuen lan hau egiteko, eta gatzagarrek lagundu egin didate. Egia esan, nire lan gehienak horrelakoak izaten dira. Adibidez, egiten ditudan Santa Agedako argazkiak taldeak hartzen ditu gero, eta ez zait bururatzen horiek kobratzea; bidean irabazten dudana interesatzen zait niri, ikuspegi sozialetik. Eta ez dut ezer kobratzeko asmorik. Hasieratik izan dut hori argi. Hori da nire filosofia", adierazi du Diaz de Tuestak.

Eta ez kobratzeaz gainera, gastua ere eragin dio lantzen diharduen proiektu pertsonal horrek: Gatzagara egin beharreko joan-etorrietan, materialean…

Hasieran, erabateko harridura

Filosofia horrekin, dagoeneko bi urte eta erdi daramatza argazkilariak gatzagarren argazkiak ateratzen, bere denbora librean eta ahal duen eran, edo nahieran. Eta horren ondorioetako bat da erabat ezezagun izatetik herri guztiak ezagutzera pasa dela Diaz de Tuesta Arabako mugan dagoen udalerri horretan. 

"Harridura. Horixe izan zen herritarren hasierako erreakzioa. 

Harridura. Jende gehienak ez ninduen ezagutzen orduan. Orain badakite zertara noan, eta beti galdetzen didate: 'Norbaiten bila zabiltza? Norbait harrapatu guran?'.Hasieran dena esplikatu behar duzu. Lehenengotan, adibidez, neu joan nintzen lagun batekin, eta berak niri egin zizkidan argazkiak, probak egiteko. Eta jendeak tipo bat ikusi zuen aparailu handi batekin, aterki batzuekin, hondo beltz batzuekin… 'Hau tipo hau zerbaitetan dabil'pentsatzeko beste izan zuten. Gero azaldu izan da Goienan… horregatik ere behar nuen denbora nire proiektua lantzeko orduan, jendea nire presentziara ohitzeko. Eta nik neuk ere behar nuen denbora buruan nituen ideiak lantzeko", azaldu du Jose Felix Diaz de Tuestak.  

Interesa?

Harago ere joan da argazkilari arrasatearra: "Ez da bakarrik beste inork ez duela izan hau egiteko interesik, baizik eta gatzagarrek eurek ere lehenengo ez zioten interesik ikusten nire lanari. Inori ez zitzaion bururatu. Ni joan nintzenean, harrituta hartu ninduten. Eta oraindik ere banaka batzuek ez dute ondo ulertzen zertarako, arraro egiten zaie norbaitek nahi izatea eurak erretratatzea. Baina egia da gero segituan sartzen direla proiektuan". 

Eta justu horrexegatik, gatzagarrek erakutsi dioten aldarte onarengatik eta bere proiektuan parte hartzeko erabateko prestutasunarengatik esker ona eman gura die; baita Udaleko langileei eta zeregin honetan lagundu dioten guztiei ere; izan ere, eta batez ere hasieran, herritarrekin harremanetan jarri eta batzuetan haiek konbentzitzeko bitartekari lanak egiten ibili diren lagun asko behar izan ditu Diaz de Tuestak.  

Zailtasunak

Gainera, produkzioari dagokionez, berezko zailtasuna ere izan du argazkiok ateratzeak: "Bizkor egin behar dira argazkiak. Ezin duzu jendea arratsalde guztian zain izan, adibidez, pertsona horiek ere ez daudelako prest arratsalde oso bat hor egoteko, edo ezin dute. Adibidez, askotan izan dira adinduak, umeak…  bakarrik etorri ezin den jendea. Horren ondorioz,  argazkiak bizkor-bizkor egin behar dira. 10 bat minutuan egin beharra dago pertsona bakoitzaren erretratua, ordu laurdenean asko jota, ze jende gehiago izango duzu-eta zain. Eta era berean, ezin dira erretratuak errepikatu… beraz, horrek ere baldintzatzen du argazkien nolakotasuna. Baina nik horri ez diot ematen garrantzirik. Nik testimonio grafiko bat egin nahi nuen: bi urteotan Gatzagan ze jende bizi den, eta horiek iruditan jaso".  

Testigantzaren balioa

Kontuak kontu, hori guztia dagoeneko eginda dago, laster argia ere ikusiko du eta etorkizunerako proiekzioa duen proiektua dela konbentzituta dago argazkion egilea: "Bertako biztanle bakoitzarentzat polita izango dela uste dut, eta herriarentzat ere bai. Ikusten diot proiekzioa denboran. Hemendik 20-30 urtera egongo da dokumentu bat, adibidez, Arrasaten ez dagoena. Badira, adibidez, tribu urbanoen argazki-bildumak… oso politak. Artistikoki politagoak ere bai, baina oso bestelakoak dira, ez dira herri oso bat. Eta horregatik uste dut honek testigantzaren balioa duela, dokumental inportantea. Ikustea hemendik 20-30 urtera ia herri osoa argazkitan. Hori da nik bilatu dudan ideia proiektu honekin.

----------

Iñaki Agirreurreta (Kultura zinegotzia): "Esperientzia berritzailea, haluzinagarria da, sorpresa hartu dugu"

Udaleko Kultura zinegotzi Iñaki Agirreurretarendako ere proiektu  erabat berritzailea da Jose Felix Diaz de Tuesta egiten dabilena.

Ezohikoa, ezta? Esperientzia berritzailea da, guk dakigunez sekula beste inon egin ez dena. Sorpresa hartu dugu. Hor geratuko da argazki-bilduma. Esperientzia haluzinagarria da. 

Herriarendako ze balio ikusten diozue? Testigantzaren ikuspuntutik balio handia du. Gainera, ez ditu aurpegiak bakarrik atera, beste ñabardura asko ere jaso ditu erretratuetan: eskuak, janzkerak, markak…

Herri moduan, ze nahiko zenukete egin argazkiokin? Oraindik erabaki barik dugu zela batu hori guztia. Niretzat, adibidez, zentzu handiagoa hartuko luke urte batzuk barru berriro ere argazkiok errepikatuko bagenitu.

----------

Jose Felix Diaz de Tuesta | argazkilaria): "Niretzat exotikoa izan daiteke aldameneko pertsona edo paisaia hori"

Zaletasuna du argazkilaritza Jose Felix Diaz de Tuestak. Zaletasun indartsua izan ere. Arrasaten 27 urtean bizi izan da (azken 8 urteotan, Oñatin), eta plaza horietan ezagunak dira paisaien gainean, edo urteko ospakizunen gainean lantzen dituen argazkiak. Datu esanguratsu bat: iaz, Maritxu Kajoiren bueltan argitaratu zituen Flickr-eko bere 200 argazkiek 700.000 klik izan zituzten. 

Orain arte egindakotik oso bestelakoa da, aldiz, Leintz Gatzagan lantzen diharduzun proiektua… Aurretik parte hartu nuen beste proiektu batzuetan, eta izan ziren itxi samarrak. Adibidez, bagenekien guztiak ere liburuak izango zirela, idatzizko argitalpenak: Arrasate iruditan, Oñati iruditan, Gesalibarko liburuxka… Bestalde, 2005az geroztik nabil Flickr-en, Goiena.eus-en eta Mondraberri-n argazkiak jartzen modu digitalean. Kasu guztietan, argazki guztiak dira paisaiak edo ekitaldienak; eta Gatzagakoa egitea pentsatu nuenean, bakarrik nekien gauza bat: ez nuela paisaiarik atera nahi, jendearen erretratuak atera nahi nituela eta herri bat zer den erakutsi nahi nuela euren bitartez.

Kasu guztietan, edozelan ere, zure argazki gehienak hemen ingurukoak dira; arrazoi batengatik? Ni ez naiz motibo exotiko-zalea argazkietarako. Askok nahiago izaten dute palmeradun hondartzak ateratzea, edo Asia inguruko bizilagunak… Niretzat exotikoa izan daiteke aldamenean duzun pertsona hori, paisaia natural hori  edo paisaia urbano hori. Tarteka, oporretan kanpoan ibili naizelako-edo, ateratzen ditut bestelakoak ere, baina ez horren bila nahita joan naizelako, baizik eta oporretan horixe tokatu delako. Une honetan, adibidez, hiruzpalau proiektu ditut buruan, horiek lantzeko argazki ugari ere bai, eta guztiak dira gure inguruarekin zerikusia dutenak: Arrasateko paisaia natural eta urbanoak, Arrasateko urteko ekitaldiak eta nire argazki erreferentzialen bertsioak. 

----------

Arrasateko altxorrak, argazkitan

Leintz Gatzagako bilduma bukatu osterako zeregina pentsatuta du Jose Felix Diaz de Tuesta argazkilariak: gutxienez, beste bi bilduma egin gura ditu, bata Arrasateko paisaia natural eta urbanoekin eta bestea Arrasateko urteko ekitaldiekin. "Argazki mordoa eginda ditut eta falta ditudanak baditut pentsatuta. Asmoa da Arrasate ateratzea ikuspuntu askotatik, alde dokumentaletik. Adibidez, paisaia urbanoaren barruan, azken 2-3 urteetan Arrasaten egindako graffiti guztiak ditut. Batzuetan alderdi estetikotik ateratzen ahalegintzen naiz, baina estetikoak ez izan arren, uste dut erakusten dutela momentuko gizartea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak