Leintz Gatzagako gatz fabrikak lanpostuak sortuko lituzke

Ubane Madera 2014ko abu. 3a, 08:00

Bisitariak Gatz Museoa ikusten.

Udalerriko gatz fabrika bideragarria dela uste du Gatzagako Udalak, eta negozioa berrabiaraziz gero, lanpostuak sortuko lituzkeela ere bai.

Horixe ondorioztatu dute gatzarekin atzera ere negozioa lor daitekeen aukera aztertzeko hilabeteotan landu duten bideragarritasun planetik. Orain landutakoaren errepasoa egin,  eta abuztua aurretik Debagoieneko Mankomunitateari aurkeztuko diote emaitza. Izan ere, Debagoiena Eraldatzen izeneko proiektu orokorraren zati bat da Leintz Gatzagako gatz fabrikaren gainean landutako proposamena.

"Hainbat atal landu ditugu bideragarritasun planean: gaur egungo egoera zein den, gatzaren merkatuaren egoera zein den eta gatzaren ekoizpenaren eta gatzaren salmentaren analisia", jakinarazi du Eugenio Otsoa alkateak.

Ur-gaziko iturburu bakarra

Behin bideragarritasun plana Mankomunitateari entregatu ostean, hark Debagoiena Eraldatzen proiektu osoa Gipuzkoako Foru Aldundiari emango dio, eta erakunde horrek izango du gaiarekiko azkeneko berba.

"Gipuzkoan ur-gaziko iturburua dugun herri bakarra izanda, eta hortik gatza ateratzeko baliabide guztiak eskura izanda, Gipuzkoarendako eta Debagoienerako oso proiektu interesgarria dela uste dut. Gurean jatetxeena da dugun jarduera ekonomiko nagusia, artisautzarekin lotutako negozio txiki batzuekin eta ganaduarekin lotutakoekin batera, beraz, oso ondo legoke halako zerbaitek aurrera egitea", azpimarratu du Gatzagako alkateak.

"Gatz ekologikoa aterako genuke, lanpostuak sortuko lirateke eta gainera konbinatu ahalko litzateke gatzaren negozioa gaur egungo Gatz Museoaren jardun turistikoarekin. Uste dut denon artean zerbait onuragarria egin ahalko genukeela", gaineratu du Otsoak.   

Museoa, abuztuan ere zabalik

Bien bitartean, Gatz Museoak jarduera turistikoarekin segituko du, azken urteotan moduan. Abuztuan, gainera, ez ditu ateak itxiko, eta ohiko ordutegiarekin jardungo du. Bisiten ardura Eugenio Otsoa alkateak berak, Iñaki Agirreurreta Kultura zinegotziak eta Iraitz Lazkano Turismo teknikariak izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak