Joan den asteaz geroztik Artiumen daude biak ikusgai, First Thought Best eremuak (Asmo Lehena Onena) izenburua duen erakusketa kolektiboaren baitan. Beste 15 artisten lanek osatzen dute erakusketa kolektiboa.
Arlaban mendatean egin ditu grabazioak Nera de Diego artista iruindarrak. "Dorletako aldare horren inguruko irudiak agertzen dira. Ez dago narrazio linealik, ez da agertzen pertsonarik berba egiten. Da nik izandako esperientziaren ondorio bisuala edo plastikoa (…) Bi bideo dira. Batak besteari elkar laguntzen diote. Banaka, modu autonomoan funtzionatzen dute, baina kasu honetan bezala, bata bestearen ondoan jarrita daude, eta osagarri dira", esplikatu du.
Ia urtebete muntatzen
Grabazioak egiteko astebetean egon da Arlabanen De Diego. Goizero ibili da, joan-etorrian, "goiza errepidean pasatzen nuen, pasatzen zen jendearekin berba egiten, grabatzen, ikusten, zonaldetik paseatzen (…) Jendearekin dudan harremana, nahiz eta ez grabatu, gero bideoan nonbait badago jasota. Ez nuen grabatzen guztia, baizik eta lekua ezagutu, jendea ezagutu, haiekin hitz egin, haiek kontatzen zizkidaten gauzak entzun… eta nik material horrekin guztiarekin egin dut nire lana", zehaztu du.
Behin material guztia jasota, ia urtebete eman du muntaketa lanak egiten, eta horren emaitza da Artiumen jarri dutena.
Ama Birjina oso deigarria
Artelan hori egiteko Dorletako Ama Birjina aukeratzeko arrazoia, berriz, Arlabango mendatean dagoen Ama Birjinaren aldarea da. Edo zehatzago esanda, aldare horrek duen erakargarritasuna pertsona askorendako.
"Herri erlijiositatearekin egiten dut lan; batez ere interesatzen zaizkit Ama Birjinaren aldare herrikoiak. Asko daude. Nonahi. Baina Dorletako hau nahiko ikusgarria da. Batez ere, interesatzen zaizkidalako jendeak uzten dituen objektuak, ofrendak… horien pilaketak. Zentzu horretan, Dorletako Ama Birjina oso deigarria da. Zenbait garaitan dago gauzaz gainezka. Ez zait horrenbeste Ama Birjina berez interesatzen, baizik eta jende askoren artean sortzen den instalazio anonimo hori. Errituala. Badago horra joan eta gauzak uzteko errituala. Txirrindulariek, adibidez, ur-botilatxoak uzten dizkiote. Bakoitzak jakingo du zergatik, ze interesengatik edo ze arrazoirengatik uzten dituen objektuak. Niri interesatzen zait pertsonek leku edo aldare horrekin duten erlazioa".
Hori horrela, Dorletako Santutegiko irudia edo Dorletako Santutegia bera ez ditu bideotan jaso artista iruindarrak. Edozelan ere, hiru hilabetez, Leintz Gatzagako amarekiko debozioa artelan bilakatu eta museoan izango da ikusgai.