Labidea: leku txikian, zerbitzu handia

Ubane Madera 2014ko mai. 5a, 09:20

Lekua eta zerbitzua bera ere aldatu dute Labidean. Egin duten eraldaketa material birziklatutarekin eta euren eskuekin eta diruekin egin dute. Inaxio Gabilondo eta Ixidor Salaberrirekin egon gara, gunearen arduradunekin.

"Buelta eman diogu denda-zerbitzu guztiari. Lokalak zituen bi espazio, eta banaketa hori apurtu egin nahi izan dugu; epeak behartuta, goiko partea egin genuen lehenengo (urtarrila-otsaila), behintzat, zerbitzua ematen hasteko. Orain, bigarren fase moduko batean egin dugu beheko txokoa: mahai batzuk jarri, proiektorea, soinu ekipoa… bilerak, ikastaroak, hitzaldiak, tailertxoak, emanaldiak… egiteko; lehen komunerako pasoa eta biltegia zena aisialdirako txoko izan dadin egokitu dugu"; bi berba horiekin laburbildu dute Inaxio Gabilondok eta Ixidor Salaberrik, Labidea denda-tabernaren arduradunek, Gatzagako zerbitzu publiko horri hilabeteotan egin dioten eraldaketa.
Aldaketa hori, baina, ez da espazio fisikora mugatu, berorrekin ekarri du Labidearen zerbitzu handitzea.


Aisialdi txokoa

"Dagoeneko eman dugu pelikula bat umeendako, beste film batzuk ere bota ditugu, futbola, pilota… Egia esan, giroa sortu izan da (…) Eta adibidez, gazteei eskaini diegu eta herriko edozeini eskaini gura diogu proiektorea erabiltzeko aukera, guk pelikula noiz ipini zain egon barik", kontatu dute Gabilondok eta Salaberrik, proiektorearekin lotuta.
Aisialdi txoko horri laster astindua emango diotela aurreratu dute. Astindua, erabilera aldetik. Izan ere, dagoeneko bi ikastaro bertan egitea badute aurreikusita: bata, Chufamix delakoaren gainekoa, tresna horren sortzaileetako batekin; eta bestea, jertseak egitekoa.
Eta horrez gainera, elikaduraren subiranotasunaren filosofiaren bueltan herrian eratuko den taldearendako bilera-areto izango dela ere aurreratu dute.  


Informazio puntua

Handitu egin dute, baita ere, informazio zerbitzua. Batetik, Internet duen software libreko ordenagailua jarri dute, kanpotarren zein herritarren eskura; wi fia ere erabilgarri dute eta bi arbel gehitu dituzte: taberna-dendan nagusiendako, jakinarazpenak, hitzorduak… bertan jartzeko; eta aisialdi-txokoan "umeendako eta gazteendako. Ikastaroren bat egiten dabilenari ere ondo etorri ahal zaio azalpenak emateko, eta txikitxoen altura errespetatu dugu", esan dute.
Eta orokorrean erraz antzematen den aldaketa nabarmenena elikagaiekin lotutakoa da. Apustu garbia egin dute Labidean bertako edo gertuko eta ahal denean produktu ekologikoen zein bidezko merkataritzan oinarritutakoen alde (erdiko taulan).
Ildo horretan, kontsumo taldea sortu behar dute maiatzean; eta "asmoa dago herriko baserritarrekin harremanetan jartzeko eurek ekoizle txiki moduan ze ekarpen egin dezaketen kontsumo talde horretan banatzeko". 

Bertakoa eta gertukoa

Astean birritan Gatzagako ogi osoa eta Arrasateko baserriko ogia eta astean behin Aretxabaletakoa ekartzen dute. Baita gazta ere… Aramaiotik, berriz, sagardoa eta sagar-zukua. "Zukua dabil izaten demaseko arrakasta, jendea erosi eta erosi dabil. Guk txikitoetarako erabiltzen dugu, alkoholik edan ezin dutenak Coca-Cola, mosto eta halakoekin kokoteraino daude, eta hau ekologikoa, naturala… da, eta, txikitoaren prezioan… Eta arroz osoa, eta lenteja eta garbantzuak Argedastik (Naf.) ekartzen ditugu, ekologikoak. Bidezko merkataritzatik, berriz, hemen produzitzen ez direnak: kinoa, kuskusa… eta Jakionen  produktuen salmenta-puntua ere bada".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak