Etxerako moduko mutila ei zara…
Ez dakit, ba! Hori etxean esan beharko dute…
Udaletxean, baina, denetik egitea tokatzen zaizula kontatu didate…
Bai, ez daukat zeregin zehatzik, herrian irteten diren lanak egin behar izaten ditut.
Hala ere, zeregin finko batzuk badituzu, ala?
Sasi edo sastraka garbiketak, kale garbiketa, norbait hiltzen denean hura enterratzea, argi kontagailuak irakurtzea, elurra kentzea, zangak (lubakiak) egitea, igeltsero lanak, arotz lanak…
Hori guztiori egiten bazenekien etorri aurretik?
Ez, ez, ez… egin ahala ikasi dut; Juan Maria Makazaga Pekeño-k asko irakatsi zidan, lehen nire postuan zebilenak. Harekin hasi nintzen.
Orain, adibidez, udaberrian, zein da zure egiteko nagusia?
Sasi garbiketak. Tokatzen da herria sastrakaz garbitzea, museo inguruak txukun mantentzea, baserrietako bideak garbitzea, trenbidea… Hamar bat kilometro-edo sasiz garbitzen ditudala esango nuke.
Ba, hasi eta bukatu orduko, berriro hastea tokatuko zaizu, ala?
Urtean behin bakarrik egiten da garbiketa mota hori.
Zure lan ugari guztien artean zein da gehien gustatzen zaizuna?
Ba… gutxien jendeari lur ematea, duda barik. [Barre] Eta gehien…ba begira, sasi-garbiketa gustatzen zait, baina, jakina, hori ere zenbat eta denbora luzaroagoan egin, orduan eta gutxiago gustatzen zait… Gauza guztiekin moduan, kokoteraino bukatzen du batek.
Txakur-kakak batzea ere tokatzen zaizu?
Bai, astean herria garbitzen dudanean jaso egin behar izaten ditut. Eta bestela, ikusiz gero, baita ere.
Leintz Gatzagan ere halako asko egoten dira, ala?
Bai; dena den, azken hilabeteetan-edo gutxiago daudela esango nuke; herrian gai horren gaineko batzarrak egin direnez…
Zer esango zenieke batzen ez dituzten horiei?
Etxera eramateko. [Barre]
Bestela, orokorrean, Gatzaga garbia dela esango zenuke?
Bai. Astean behin bakarrik garbitzen da herria.
Zein da zure garbiketa eremua?
Kaleak; erratza erabilita, gainera. Hemen ez dago makinarik.
Sekula aurkitu duzun gauzarik onena da…
Ba, behin ziza poltsa bat aurkitu nuen. Poz handia hartu nuen!
Eta, berriz, zer motatako zikinkeria izaten duzue Gatzagan?
Paperak eta zigarrokinak gehien. Orain taberna barruetan ezin denez erre…
Egun osoa kalean ematen duzula-eta, zein da Gatzagaren egoera orokorra?
Goitik behera datorren kaleko harlauzak aspaldikoak dira-eta, hortxe du ahultasuna herriak. Mugituta, altxatuta… daude, urte asko dituzte-eta.
Zure esku balego, zer egingo zenuke herriaren mesedetan?
Bidea konpondu. Lehen esandakoa. Eta autobus zerbitzua hobetu. Autobus gehiago behar dira. Goizean pasatzen da bat 08:30ean eta arratsaldera arte ez dago besterik, bueltan etortzeko. Beraz, ezin da autobusez ibili. Eskoriatzarainokoak bakarrik eskatzen ditugu, gainera.
Edozelan ere, Aretxabaletatik Gatzagara etorri, eta hemen geratu zara; bada, zer-nolakoa da Gatzaga bizi izateko?
Trankila. Lasaitasun handia dauka, eta beste zerbait behar bada –zalaparta, zarata…–, Aretxabaletara, Eskoriatzara, Arrasatera, Gasteizera… joan eta kito. Lasaitasuna, berriz, Aretxabaletan biziz gero, edo beste edozein herritan, ezin da lortu.
Gaztainuzketako txaboletan lanean ibilitakoa ere bazara, ezta?
Bai, bi urte eta erdian. Neu eta emaztea [Amaia Olabe].
Zelako esperientzia izan zen?
Txarra. Oso lotua izan zen. Sekula ibili barik nenbilen eta… Egun osoa lanean ibili behar izaten da halakoetan.