Labidea berritua, zabalik, gatzagarren eskura eta zerbitzura

Ubane Madera 2014ko urt. 21a, 09:16
Berrituta zabaldu ditu ateak Labidea zerbitzuak. Berrituta, itxurari dagokionez. Eta berrituta, baita ere, filosofiari edo funtzionamenduari dagokionez. Besteak beste, Bidelagun herri ekimena gura dute abian jarri; labur esanda, helburua da elikagaien subiranotasuna oinarri, bertako edo inguruko ekoizleak aktibatu, haien produktuak gura dutenei erosteko aukera emanda.

Itxurari erreparatzen badiogu, Labidearen kudeatzaileen aldaketak berak badakar desberdintasuna. Inaxio Gabilondok eta Ixidor Salaberrik hartu dute ardura hori datozen hilabeteotarako. Inaxio Gabilondo ezaguna da bertan, orain arte ere Labidean lanean ibili delako. Ixidor Salaberrik, berriz, Labidean jardun ez izan arren, eskarmentu handia dauka halako zereginetan jaioterri duen Arrasaten.

Lokalaren banaketa berria

Beste aldaketa bat da lokalaren beraren banaketa: sartu eta eskumako txokoan pare bat mahai jarri dituzte, "txoko txiki" modura. "Neuk egindako mahaiak dira, eskuz, haritza erabilita", azaldu du Gabilondok, eta kontatu du txoko horretatik gertu mahai-jokoak jarriko dituztela, herritarren eskura."Dendaren barruko aldeko apalak ere geuk egindakoak dira", gaineratu du. Horrez gain, saltoki-tabernako pareta arbel bihurtuko dute, "informazio emate funtzioa betetzeko: gure eskaintzen berri, herrian dauden ekitaldien berri, bestelako jakinarazpenak…".

Hortik aparte, tabernak orain arte moduan funtzionatuko duela jakinarazi dute Gabilondok eta Salaberriak.
Bidelagun ekimena

Bidelagun ekimena

Duda barik, baina, Labidearen berrikuntza nabarmenena emango dituen zerbitzuen gainekoa izango da.
Elikagaien salmentarekin lotuta, adibidez, Bidelagun herri ekimena gura dute abian jarri: "Elikagaien subiranotasuna oinarri, bertako edo inguruko ekoizleak aktibatu gura ditugu, haien produktuak erosteko aukera emanda. Horretarako, talde bat sortu gura dugu. Hor erabakiko litzateke ze elikagai, zeini eta ze preziotan erosi. 20-25 lagun gertu daude batzar irekian parte hartzeko", dio Gabilondok. Horrez gain, kontatu du inguruko herri txikietako elikagai taldeekin harremanetan daudela, bertako ekoizleen eskaintza osatua bidelagunari eskaintzeko. Herriko zein kanpoko edonor izan daitekeela bidelaguna eta Gatzagako baserritarrei eskainiko dietela taldean saltzea. Debagoienean sortu den Erein da Jan kooperatibarekin harremanetan dabiltzala ere jakinarazi du Gabilondok.

"Supermerkatu zerbitzua"

Elikagaien eskaintza borobiltzeko, herritarrei Labidearen bitartez "erosketa integrala" egiteko aukera eman gura diete. "Eskoriatzako denda batekin elkarlanean gabiltza; eta horri esker gatzagarrek aukera izango dute Labidean bertan salduko ez ditugun elikagai edo bestelako supermerkatuko produktuak eskuratzeko. Aldez aurretik eskaera egin, eta egun horretan bertan edo hurrengo egunean, Eskoriatzatik Labideara ekarriko ditugu produktuok. Bestalde, norbaitek urrun bizi delako edo Labideara etorri ezin duelako eskaera etxera eramateko eskatzen badigu, halako zerbitzuak emateko ere gertu gaude".

Hortik aparte, ogia, egunkariak, oinarrizko elikagaiak eta litxarreriak saltzen segituko dute.

Erakusleiho eta zerbitzu

Labidearen filosofia laburtzeko, elikagaiekin landu gura duten eredu alternatiboa esparru gehiagotara zabaldu gurako lukete: "Artisauendako erakusleiho izatea ere gura dugu; Gatz Museoko eta Jakioneko produktuendako… Azken batean Labidea da herriak duen espazio publiko bat, eta gurako genuke herritarrek Labidea euren beharretarako erabiltzea. Mugimendua sortzea; herritarren elkargune izatea… espazio ireki eta publikoa izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak