Abian da hondakinak batzeko sistema berria Leintz Gatzagan

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko uzt. 10a, 15:30

Atzo, martitzena, kendu zituzten herrian orain arte egon diren edukiontziak eta berriengatik aldatu zituzten. Auzokonposta gunea ere atzo inauguratu zuten, arratsaldean izan zuten ikastaroaren ostean. Ikastaroan autokonposta eta auzokonposta nola egin azaldu zuten eta herritarrek euren kezkak argitzeko aukera izan zuten.

Mankomunitatetik atzo, martitzena, kendu zituzten orain arte herrian zeuden edukiontziak eta oraintsu egin duten azpiegituran edukiontzi berriak jarri zituzten. Atzo zabaldu zuten baita ere auzokonposta gunea herritarrendako, eta modu horretan, organikoa berrerabiltzen hasi dira dagoeneko gatzagarrak. "Ez da asko aldatzen, bakarrik organikoa hasiko gara orain bereizten eta kudeatzen. Beste atalek lehengo moduan jarraituko dute baina azpiegitura berriekin", esan du Juan Luis Zabala zerbitzu zinegotziak.

Ikastaroa

Herritarrek dituzten kezkak argitzeko, gainera, ikastaroa izan zuten. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin zuten ikastaroa eta Tolosako Artelatz enpresakoek eman zuten. Herritarrek parte hartu zuten gainera ikastaroan; autokonposta egiteko ontziak nola muntatu ikasi zuten eta euren kezkak argitzeko aukera ere izan zuten.

Kubo banaketa

Ikastaroaren ostean kuboak banatu zituzten eta oraindik kuboak jaso ez dituzten herritarrek, bihar arte izango dute aukera kubo horiek jasotzeko udaletxeko hondakinen bulegoan goizeko 9:00etatik 14:00ak bitartean, eta bestela, datorren astetik aurrera udaletxean bertan jasotzeko aukera izango dute 9:00etatik 14:00etara.

Guztira, 150 kubo eraman dituzte Leintz Gatzagara 140 etxebizitzetan banatzeko eta kuboekin batera banatzen ari dira gida bisuala, autokonpostaje gida eta hiztegia.

Gaur, bideo emanaldia

Gaur, berriz, bideo emanaldia izango dute. Home izeneko dokumentala emango dute Labidea dendan arratsaldeko 19:00etan.

Zakarrontziak gaika, laster

Bestalde, herrian dauden zakarrontziak ere aldatu egingo dituzte eta gaika batzeko sistema jarriko dute horietan ere; Leintz Gatzagako diseinu berezi bat eramango dute gainera.

 

Bukatzeko, Juan Luis Zabala zinegotziak herritarrei mezu hau bidali nahi izan die: "Birziklatzeko garai berri baten gaude, iritsi da eguna, eta ea guztiok batera lortzen dugun beste herrietako birziklapen mailetara iristea, zero zabor filosofiarekin bat etorrita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak