'Zero Zabor filosofiaren alde', organikoak konpost

Gaurtik (astelehena) hasita, datozen hiru egunez, hondakinak eta haien kudeaketa protagonista izango dira Leintz Gatzagan. Zero Zabor filosofiaren alde izenburupean, gaur hitzaldia izango da, bihar konposta egitearen gaineko bi ikastaro eta etzi, dokumental emanaldia. Horrez gainera, oraingo astetik organikoak berrerabiltzeko konposta egiteko bideak aktiboan jarri eta edukiontzi sistema berria abiaraziko dute.

Zaborrak, guk sortu, guk kudeatu du izenburua gaurko hitzaldiak, eta Oñati Zero Zabor elkarteko Andoni Agirre eta Imanol Biainek emango dute. 19:00etan da hitzordua, kultura etxean. "Zaborrekin lotuta zein den benetako arazoa eta zela kudea daitekeen azalduko dute", zehaztu du Juan Luis Zabala Zerbitzu zinegotziak.

Konposta egiten ikasteko

Bihar, berriz, bi ikastaro egingo dituzte: autokonposta eta auzokonpostaren gainekoak. 19:00etan hasita, ordubete eta ordu eta erdi inguru iraungo dute. Auzokonpostaren gaineko ikastaroan, auzokonpostgunea ikusi eta instalazio berrien gaineko azalpenak ere emango dituzte. Eta behin han daudela, instalazio berriak inauguratzeko ekitalditxoa egingo dute. 19:00etan da ikastaroetarako hitzordua, osoko bilkuren aretoan.

Ikastaro eta inaugurazio ekitaldiaz gainera, ideo-emanaldia ere izango da bihar Labidea dendan, "erakusten duenak auzokonposta zela egiten den eta zeintzuk diren konpostaren onurak norbere ortu edo loreendako… Hiru bideo motz dira, hiru bat minutukoak, eta bata bestearen atzetik, etengabe botako dira, bukle modura. Bideo bik erakusten dute Usurbilgo esperientzia, lehen auzokonpostagunea bertan ipini zelako; eta hirugarren bideoan azaltzen da Hernaniko baserritar baten esperientzia", dio Zerbitzu zinegotziak.

Kubo banaketa

Bestalde, bihar baita ere, organikoak batzeko kuboak banatzen hasiko dira. "Dena den, herritar guztiak ezingo direnez etorri, aste osoan segituko dute kuboak partitzen informazio bulegoan", azaldu du Juan Luis Zabalak zinegotziak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.