Hondakinen bilketa sistema berria Leintz Gatzagan

Leintz Gatzagan hondakinen bilketa sistema aldatu, eta organikoak berrerabiltzeko bidea lantzen hasiko dira datorren astean. Auzokonposta eta autokonposta egingo dute, eta hori egiteaz gain, indarrean sartuko dira hondakinak batzeko ekarpen gune guztiak. Udalak herritarrak informatu nahi ditu, eta horretarako, datorren astean hitzaldiak, bideo-emanaldiak eta ikastaroak izango dituzte.

Datorren astea garrantzitsua izango da Leintz Gatzagan. Izan ere, aldaketa handia izango dute gatzagarrek eguneroko ohituretan: hondakinen bilketa sistema aldatu, eta organikoak berrerabiltzeko bidea lantzen hasiko dira: auzokonposta eta autokonposta egiten.

Eta hori egiteaz bat, indarrean sartuko dira hondakinak batzeko ekarpen gune guztiak: herriko nagusia eta auzo bietako, Goierriko eta Arlabango, mini-guneak.

Hitzaldiak, ikastaroak eta bideo-emanaldia

Leintz Gatzagan hondakinen bilketa sistema aldatu aurretik, baina, herritarrak behar den moduan informatu gura ditu bertako Udalak. Hitzaldiak, bideo-emanaldiak eta ikastaroak antolatu ditu horretarako. Guztiak ere, datorren astean egitekoak.

Hitzaldi batekin hasiko dute astea. Zaborrak, guk sortu, guk kudeatu du izenburua, eta Oñati Zero Zabor elkarteko Andoni Agirre eta Imanol Biainek emango dute arratsaldeko 19:00etan kultura etxean.

Martitzena, berriz, ikastaro eguna izango dute. Bi emango dituzte: autokonpostaren gainekoa eta auzokonpostaren gainekoa, hurrenez hurren. Biak ala biak 19:00etan izango dira, osoko bilkuren aretoan.

Eta behin auzokonpostgunean daudela aprobetxatuta, instalazio berria inauguratzeko ekitalditxoa egingo dute, ikastaroa bukatu ostean.

Organikoak batzeko kuboak ere egun berean banatuko dituzte, osoko bilkuren aretoan bertan; dena den, Juan Luis Zabala zerbitzu zinegotziak azaldu du herritar guztiak ezingo direnez joan, aste osoan segituko dutela kuboak partitzen informazio bulegoan.

Ikastaro eta inaugurazio ekitaldiaz gain, egun berean bideo-emanaldia ere izango da Labidea dendan eta astea borobiltzeko, eguaztenean, Home izenburua duen dokumentala emango dute toki berean, 19:00etan.

Behin hondakin bilketa sistema berria abiarazita, Leintz Gatzagako Udalaren asmoa da hurrengo egunetan jarraipena egitea ze arazo sortzen diren ikusteko eta Gatzagako zinegotziak eta baita mantenuko langile Xabi Jausoro ere laguntzeko egongo dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.