Ainara Zubillaga: "Orain modan dagoen arren, parte-hartzea beti izan da Gatzagako Udalaren lan egiteko modua"

Imanol Gallego 2013ko eka. 11a, 02:00

Herri bateko ondare preziatuena herritarrak dira, eta, Leintz Gatzaga txikia den arren, herritar handiak ditu, prestuak, atseginak. Haien artean Ainara Zubillaga (1982). Hura herrikoa da, eta, Gatzagak dituen hutsuneez kontziente den arren, herria asko gustatzen zaio.

Nolatan sartu zinen zinegotzi eta udal munduan?

Kremailera-zerrendengatik bi neskaren beharra zuten eta koadrilako biri zerrendetan joatea proposatu ziguten. Une aproposa zela iruditu zitzaigun eta proposamena onartu genuen. 

Gero, gazteok politikarako grinarik ez dugula entzun behar!

Gurea ez zen politika izan. Hori toki handiagoetan gertatzen den gauza bat da. Gatzagan guztiok ezagutzen dugu elkar eta herriaren alde lan egiteko onartzen da zinegotzi lana.

Hortaz, politikarik gabeko Udala da hau?

Gutxi gorabehera. Herrian ez dago alderdi jakin bat eta zerrendako guztiak independente bezala aurkezten gara. Lehen esan bezala, herri txikiek jendearen premia handia izaten dute. Kolore politikoa ahaztu eta herriarekin duzun konpromisoa era aktiboan erakusteko modu polita da.

Horrelako herri txiki batean, baina, kexak bilkura aretoan beharrean kalean jasan beharko dituzu.

Hala da, hemen guztiok ezagutzen dugu elkar, eta, norberaren erabakiak onak direla uste arren, besteren batek ez dauka zertan horrela ikusi. Hala ere, ez dut errieta gogorrik gogoratzen. Oso kexa arruntak izaten ziren. Jendeak badaki herria hobetzeko lanean zabiltzala eta horregatik errespetatu egiten zaitu.  

Kexez gain, jendeak laguntzeko prestutasuna izango du, ezta?

Demasekoa. Herritarrik gabe, Gatzagan ezin izango litzateke ezer egin. Zorionez, gainera, jendeak hori oso barneratua dauka eta beti dago laguntzeko prest.

Udaletik irten ostean, herritar gisa laguntzeko aukerarik izan duzu?

Askotan. Nire kasua berezia da; orain, herritarra naiz, baina Udala barrutik ezagutzen dudanez, aholkuak ematen saiatzen naiz. Duela gutxi Andra Mari jaiak antolatzeko bilera deitu zuen Kultura zinegotziak eta nik egubakoitzetik eguenera aldatzeko gomendatu nion. Jendeak oso aldarte ona izaten du, baina aste bukaerak sakratuak dira, eta, horregatik, hobe da astegun batean egitea. Izan ere, esperientziak soilik ematen dituen trukuak dira horiek.

Hortaz, modan dagoen parte-hartzea Gatzaga funtzionatzeko era dela esango zenuke?

Hemen, herriaren eta Udalaren arteko muga oso txikia da eta herriko jendeak laguntzeko aukera ikusten duen bakoitzean lagundu egiten du. Egia da orain parte hartzeaz asko hitz egiten dela, baina Gatzagan lan egiteko era hori izan da beti. Horretan besterik ez bada aitzindariak gara. 

Kanpotik eta barrutik, Udala berdina da?

Antzik ere ez dauka! Kanpotik gauzak oso errazak direla uste duzu eta behin barruan zaudela guztia aldatu egiten da. Aurrekontua, partidak, agiriak... Guztia korapilatzen da.

Zaila da horrenbeste instituziorekin lehiatzea?

Gatzagan idazkariak eta alkateak hartzen dute lan hori. Haiek erabakitzen dute zein dirulaguntza eskatu, behar diren paperak biltzen dituzte... 

Gatzagarentzat zer da garrantzitsuagoa, herritarrak ala dirulaguntzak?

Dudarik gabe, herritarrak. Haiek gabe ez litzateke herririk egongo. Dirulaguntzek proiektu puntualetarako balio dute, baina herritarrek betiko balio dute.

Kultura antzoki, antzerki eta kontzertuekin lotzen dugu. Gatzagan ere horrela da?

Ez, ez. Kultura ekintzek herriaren tamainaren araberakoak izan behar dute. Gatzagan antzoki batek ez luke zentzurik izango. Hemen, kultura ekintza nagusia herriko jaiak izaten dira.

Eta gizarte zerbitzuei dagokienez, lan handia dago?

Gatzagan jende nagusi asko bizi da eta haiek arazoak dituzte mugitzeko, arlo-lan handia dago. Zorionez, guztia kudeatzeko gizarte-langilearen laguntza izan nuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak