Joera aldaketa gertatzen ari da Dorletako Santutegian

Ubane Madera 2013ko eka. 4a, 02:00

Ezkontza sasoia izaten da udaberria. Eguraldi hobea (normalean), ingurua eder eta loraldian eta animoak ere epeltzen. Udazkenera artekoa izaten da sasoi hori. Orain dela gutxira arte, elizek, eta batez ere, eliza jakin batzuek lan dezentekoa izaten zuten sasoia. Itxaron zerrendak eta guzti izaten zituzten.

Leintz Gatzagako udalerrian dagoen Dorletako Santutegia, esaterako, preziatua izan da urtetan bikote askoren artean. "Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatzatik… etortzeaz gainera, Bilbo, Donostia eta Gasteiztik ere hona ezkontzera etorri izan dira asko", kontatu du Tere Aranburuzabalak, Santutegiko giltzen (eta bestelako zereginen) arduradunak. "Ni neu ere bertan ezkondutakoa naiz 40 urte pasa dela. Eta Dorletako Ama txirrindularien zaindaria izanda, horrek ere erakarri izan ditu bikoteak; adibidez, Durangotik etorri da bikote bat hona, bereziki, txirrindularia zelako; eta orain dela pare bat urte Igor Gonzalez de Galdeano Euskalteleko managerra Dorletan izan zen ospakizun berezi bat egiten", gaineratu du Aranburuzabalak. Hala ere, lehengo kontuak dira.  

30etik, bakarrera 

Datu objektiboekin ikus daiteke hori; bestela esanda, zenbakiekin. "Oraingoz, aurten ezkontza bakarra dugu eskatuta. Abuztuaren 3rako. Eta iaz hiru bakarrik izan genituen. Gutxi dira, bai. Kontuan hartuta urte askoan 30 ezkontza egon izan direla eta batzuetan egun bakarrean hiruzpalau ezkontza egin behar izaten genituela", jakinarazi du Tere Aranburuzabala sakristauak.  

Leku gehiago aukeran

Zergatik gertatzen den hori? Bada, Tere Aranburuzabalak berak ere ez dakizki arrazoi zehatzak. Joera orokorra dela uste du, ez Dorletako Santutegiaren edo, kasu honetan, Leintz Gatzagaren joera bakarrik denik. "Bikoteek orain leku gehiago dituzte aukeran. Gatzagan, adibidez, askok gatz museoa aukeratzen dute ezkontzeko; edo Eskoriatzako Ibarraundi museoa…beste bikote asko eta asko ezkondu barik bizi dira elkarrekin…".

Izan ere, erraztasun aldetik, Dorletako Santutegiak erraztasun guztiak ematen dizkie ezkontideei: "150 euro ordaindu behar da ezkontzako. Ez da asko. Ezkontza sasoia udaberritik urrira izan arren, urteko edozein egunetan ezkon daiteke. Eta ordua ere bikoteek gura dutenean ipin daiteke. Horrez gain, loreak, musika… norberak nahi duen moduan antola daiteke, guztia", dio Aranburuzabalak. 

Hori bai, Dorletako Santutegiko ezkontzak gutxitu bai, baina desagertu ez dira desagertuko oraindik orain. Horren adibide da datorren urterako deiak jasotzen hasita daudela dagoeneko. 

Ohiko jardunean, berdin

Dena dela, Dorletako "lan gutxitzea" agerikoa da, eta ez da gertatzen ezkontzetan bakarrik. Izan ere, ohiko jardunean ere igarri dute. "Maiatzean hasi eta urriaren amaierara arte, Gatzagan, domeketako mezak hemen esaten dira. Arantzazuko Martin fraideak egiten du. Aurten, baina, oso gutxi etortzen gara, 11 lagun inguru; eta guztiak ez gara hemengoak, Eskoriatzatik etortzen dira batzuk, Gasteiztik…". Eta bataioekin ere antzera. 

Edozelan ere, horrek guztiak ez du gutxiesten Dorletak dituen jarraitzaile kopurua. Ikusi besterik ez dago Ama Birjina zela dagoen lorez inguratuta Arlabango txokoan. Eta ziklisten zaindariaren irudi eskeek iristen segitzen dutela, Amaren babes bila: "Iaz emakume batek Madrildik deitu zuen esanez semea ziklismo-zale amorratua zuela eta medailatxo bat bidaliko ote nion". 

-----------------

Santutegiaren historia laburra

Dorletako Andre Mariaren Santutegia ur gaziko iturriaren inguruan garatutako bizimodua eta ekonomia babesteko erromatarrek eraikitako gazteluaren hondarretatik sortutakoa da. 1331n hiribildua sortu zenean, Santutegiak parrokia izaera galdu zuen, hiribilduan sortutako San Millan elizak hartu baitzuen haren lekua. Santiago bideko erromesen eta Errege bidetik Gaztela eta Frantziara zihoazenen ostatu bihurtu zen. Ospederiaren arduradunak bertako beatak izan ziren. Garai batean, dohaintza ugari jaso zituen Santutegiak eta laguntza horiei esker berriztapen asko egin ziren. Dohaintzen artean El Grecoren margolan bat zegon, gaur egun Gotzaindegian dagoena. Oraingo itxura XVII.mendekoa da. Hala eta guztiz, Erdi Aroko erliebeak gordetzen ditu. Urteetan egindako aldaketen ondorioz, hainbat estiloren nahasketa da. Egungo irudia hasierakoa ez bada ere, XIII. eta XIV. mendeetako taila polikromatua da eta Ama eta Semea elkarri begira ageri ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak