Hasteko, edukiontzi gehiago ipini behar dituzue, ezta?
Bai. Orain arte bai Arlabango zein Goierriko auzoetan bakarrik zegoen edukiontzi berdea; bada, leku horietan jarriko ditugu minigune batzuk.
Zer dira minuguneak?
Ekarpen-guneak dira. Ekarpen-gune nagusia ipini behar dugu herrian. Miniguneak izango dira edukiontzi multzo txikiagoak. Herriko ekarpen-gunean ipini behar ditugu txabolatxo baten barruan ontzi arinak, papera, errefusa eta fardelak batzeko edukiontziak. Eta kanpoan beira, oihala eta olioa batzekoak. Eta seguru aski ipiniko ditugu pilak batzekoak ere bai. Orain udaletxean jasotzen ditugu, baina jendeak eskatu zuen herriko ekarpen-gunean jartzeko. Miniguneetan, berriz, jasoko dira plastikozko poltsak, ontzi arinak, papera eta errefusa.
Obrarik egin beharra dago?
Mankomunitateak ordaindu behar dizkigu. Herriko ekarpen-gunea gehi bi auzo konpostagailu egokitu behar dira. Ekarpen-gunea itxita egongo da, baina erabiltzaile bakoitzak izango du atea zabaltzeko bidea. Herri guztiak gehi bederatzi baserrik erabiliko du ekarpen-gune nagusia.
Eta miniguneak?
Bat izango da Arlabangoa. Kokapena aztertzen gabiltza. Zortzi baserrik erabiliko dute. Beste bat izango da Goierrikoa. Hori jarriko dugu errepidea eta trenbidea elkartzen diren lekutik gertu. 13 baserrik erabiliko dute. Eta badaude beste bost baserri Arabaren esku daudenak, eta haiei eman behar diegu aukera erabakitzeko zein minigune erabili gura duten. Horiek ere Mankomunitateak egingo ditu.
Noiz?
Lizitazioa abian da. Hil amaieran adjudikazioa egingo da, eta obrak, Aste Santu-uda bitartean hasiko dira. Obra guztiak batera egingo dira.
Eta jatetxeak?
Selektiboki jasoko ditugu hondakinak, egutegi bidez. Organikoa kenduta.
Eta organikoak, beraz, zela?
Herria bi zatitan banatu dugu: goikoa eta behekoa. Goiko konpostagailu komunitarioa Errosarioko aparkalekuaren izkinan jarriko dugu. Ez dugu aparkalekurik galduko. 1.000 litroko hiru konpostagailu izango dira. 36 etxebizitzarendako. Etorkizunean egin ahal diren etxebizitza berriak barne. Eta behean, 48 etxebizitza, jatetxe, elkarte eta Jakionendako konpostagailua izango da. Hala ere, Soran jatetxeak bere aldetik egingo du konposta eta Arrate pentsatzen dabil. Eskola eta Leintzargiko instalazio artean ipiniko dugu: hiru konpostagailu 1.000 litrokoak eta beste bat 2.000 litrokoa. Bestalde, baserri gehienak bere kabuz ibiliko dira; batzuk badabiltza konposta egiten. Eta goiko jatetxeei dagokienez, Gaztainuzketak esan digu bere kabuz egingo duela, Gatzagainek ere bai, eta Gure Ametsak nahiago du Mankomunitatearen esku lagatzea hondakin organikoak konpostatzea. Xabi Jausoro langileak egingo du lan hori (gero Mankomunitateak ordainduta) eta herriko konpostagailuaren ardura ere berarena izango da. Dena den, herritarren kasuan ere, nahiago dugu orturen bat edo lorategiren bat duenak bere kabuz egitea konposta. Hala, obrekin batera, ikastaroak emango ditugu herri guztiari azalpen guztiak emateko. Kuboak ere banatu behar ditugu, giltzak edo txartelak…
Orain arte herritarrak badatoz galdetzera?
Parte-hartze prozesuan bi batzar egin ditugu. Lehenengoan aurkezpen modukoa egin genuen, eta bigarrenean hondakinak kudeatzeko monografikoa izan zen.
Eta jendeak erakutsi du interesik?
Bai, eta ekarpenak ere egin dituzte. Adibidez, pilak batzeko edukiontziena eurek proposatutakoa da, eta gehiago ere egin zituzten.
Lehen hobariak aipatu dituzu konposta egiten dutenei begira…
Bai. Nahi duenak eska dezake konpostagailua (300 litrokoa) gehi torlojua, barrukoari eragiteko. Eskaera hori nahi duenak nahi duenean egin dezake. Konposta egiten dutenek %25eko hobaria izango dute hondakinen fakturan. Baina hori aplikatuko da teknikariak ikusi ostean benetan konposta egiten dutela.