Herrian konposta egiteko gune bi eta auzoetan hondakinak gaika batzeko edukiontziak jarriko dituzte Gatzagan

Julen Iriondo 2013ko mar. 1a, 15:00

Leintz Gatzagak ere Zero Zabor herria izan nahi du. Hori helburu, Udalak aurkeztu die herritarrei herriko hondakinak kudeatzeko proiektua. Aldaketa nagusiak dira, batetik, aurrerantzean auzoetan ere izango dituztela hondakinak gaika batzeko edukiontziak –orain arte zaborra batzeko berdea baino ez zuten–; eta, bestetik, organiko dena herrian kudeatuko dutela, etxean konposta eginda edo konpost-gune komunitarioen bitartez.

Egun herrigunean bakarrik dituzte Leintz Gatzagan hondakinak gaika batzeko edukiontziak, herritik Dorletarako irteeran. Aurrerantzean ere egongo dira, txukunago gainera, etxola baten barruan. Eta orain arte zaborra batzeko edukiontzi berdeak baino ez zituzten auzoek, Goierrik eta Olaunek ere papera eta kartoia batzekoa, ontzi arinena eta errefusarena izango dituzte aurrerantzean. Errefusarendako edukiontziak ez dira orain arteko berdeak izango. Horiek kendu eta berriak jarriko dituzte, herritarrek bakarrik ireki ahal izateko sistemaren batekin. Beirarentzako edukiontzia, berriz, kaleko ekarpen gunean egongo da, auzoetan ez, baina herriko jatetxeek ere izango dute eurena. Izan ere, jatetxeek euren edukiontzi gune propioak izango dituzte, inguruko zenbait baserrik ere erabili ahal izango dituztenak.

 

Hondakinen gaineko proiektuaren bigarren ardatza da organikoaren kudeaketa. “Hori da gure asmoa: organiko guztia herrian geratzea. Konposta egin eta organiko guztia kudeatu”, dio Juan Luis Zabala, Leintz Gatzagako Ingurumen zinegotziak. Gaur egun ere asko dira etxean konposta egiten duten gatzagarrak. Hauetako batzuek euren aldetik. Udalak gomendatu die herritar horiei udaletxetik pasatzeko, konposta egiteagatik zaborraren tasan dagokien %25eko hobariaren onuradun izan ahal daitezen. Eta konposta etxean egiten orain hasi nahi dutenei ere deia, udaletxean eman dezaten izena.

Etxean egiterik ez dutenentzako, berriz, bi konpostaje gune komunitario jarriko dituzte herrian, goiko aldean Rosario aparkalekuan bat, eta behean bestea. Herritik kanpoko jatetxeek eurena edukiko dute. Hau guztia azaltzeko bileran 25 bizilagun inguru batu eta Udala gustura. Zabala: “Jende bat deseatzen dago; ni ere bai, deseatzen nago, normala da; eta ea poliki-poliki jartzen dugun martxan eta adosten dugun herriarekin nola egin”. Ze oraindik badaude adosteko gauzak. Adibidez, konpostaje gune komunitarioaren mantenuaz Udaleko langilea arduratuko da, baina Mankomunitateak ordainduta. Mantenuak zer eskatzen duen ikasi, herritar talde bat antolatu eta erabakiko balute mantenua euren gain hartzea, Leintz Gatzagako familien hobaria %25ekoa izatetik %50ekoa izatera pasako litzateke.

Honez gain, herritarrek egindako proposamenak aztertzekotan ere geratu da Udala, konpostaje guneen ondoan ur puntua jartzea adibidez, organikoaren ontziak garbitu ahal izateko. Gatzagako Udalaren asmoa da Aste Santu ostean jartzea martxan azpiegitura berriak. Gauzak nola egin behar diren azaltzeko informazio saioak ere egingo dituzte herritarrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak