Zuen legegintzaldian normalean baino talde txikiagoa izan zineten.
Bai. Orain uste dut zazpi lagun inguru daudela, eta kopurua hortxe ibiltzen da, baina gu lau izan ginen. Eugenio Otsoak konbentzitu gintuen, eta taldea osatu genuen Otsoak berak, Jose Ramon Perezek, Nerea Marurik, Juan Mari Makazaga Pequeño-k eta bostok. Baina, Otsoa kanpora joan zen lanera, eta laurok geratu ginen.
Zeintzuk dira zuen legegintzaldian herrian izan zenituzten gaiak?
Obra nagusia gasarena izan zen. Lehenengo fasea tokatu zitzaigun martxan jartzea, eta ezjakinak ginen denean. Nik uste nuen Udaletik gauzak errazago egin ahal zirela, baina bertan ikusi nuen ezetz, dokumentazioa betetzen, baimenak eskatzen... zenbat denbora galtzen den. Sei hilabetean egin zitekeen zerbait egiteko, bi urte. Gai potentea izan zen gasarena.
Autobusaren arazoak ere hautsak arrotu zituen herrian.
Bueno! Jendea oso haserre zegoen autobus zerbitzurik ez geneukalako. Gogoan dut, bai, hainbat batzar egin genituela kontu horren harira, Diputaziokoekin egon... Autobusak herritik ez pasatzearen arrazoia omen zen errepidean –Gatzagako errepide zaharrean– lekurik ez zegoela eta arriskutsua zela, baina AP1eko kamioiak aurrera eta atzera ibiltzen ziren. Jendea oso haserre zegoen, eta azkenean lortu zen autobusak herritik pasatzea. Orain, ez dakidana da zenbat gatzagarrek erabiltzen duten zerbitzu hori. Hori beste kontu bat da.
Zinegotzi kargua hartu, eta herriko jaiak pare-parean.
Zelako buruhaustea! Ideiarik ere ez geneukan nondik hasi, eta herri txikietako aurrekontuarekin ere ezin dira nahi beste gauza egin. Lortu genuen gazte jendea gureganatzea, eta egubakoitz gauak gazteei eskaintzen hasi ginen, bailarako talde hasi-berriekin kontzertuak egin ahal izateko. Talde batek herriari abesti bat ere egin zion. Horrekin batera, ordura arte herriko jaietan herri-bazkaria egiten zen, eta proposatu genuen herri afaria egitea. Sekulako arrakasta izan zuen!
Karra Elejalde ere ekarri zenuten herrira.
Kostatu zitzaigun, gainera! [Barre] Gogoan dut Suitzan nintzela oporretan, eta handik ibili nintzela Karraren atzetik. Guk gura genuen berak herrian monologo bat egitea, baina berak beste proposamen bat zuen, film bat erakustea. Pantaila erraldoia jarri genuen plazan, baina eguraldi txarra egin zuen eta pilotalekuan muntatu genuen dena. Baina, oihartzun arazoengatik ez zen batere ondo entzun. Pena galanta izan zen.
Gatzagan, baina, ez zenuten alderdikeria arazorik izango.
Ez, sekula ez genuen politika kontuengatik arazorik izan. Eztabaidak lanak zelan egin erabakitzeko izango genituen, baina ez politikarengatik. Bakoitzak bere preferentziak izango zituen, baina Gatzaga moduko herri batean Udal zinegotziak herriaren alde lan egiteko hartzen du kargua.