Hondakinen gaineko astea egiten dabil Gatzagako Udala, gaia oso garrantzitsua dela jakinik: "Herritarrak jakinaren gainean egon daitezen gura dugu, eta informazio askoren atzean zer dagoen azaldu", adierazi du Juan Luis Zabala Zerbitzuetako zinegotziak.
Hala, zaborra gaika jasotzeak duen garrantziaz jabetuta eta ahal den guztia birziklatzeko asmoarekin Gatzagarako duten proposamenaren berri eman zieten Udal ordezkariek herritarrei, eguaztenean: konposta egin.
Konpostagailuak azarorako
Bi konpostagailu handi jarriko dituzte herrian. Bata goiko partean, Errosario kaleko aparkalekuan, 3.700 metro kubikokoa; kale horretan eta San Inazion bizi direnendako izango da. Eta bestea, beheko partean, argindarraren etxetxoaren alboan, 4.000-5.000 metro kubikokoa; Santiago eta Pilar kaleetan eta plaza inguruan bizi direnendako.
Konpostagailu horien gastuak mankomunitatearen eta Aldundiaren artean banatuko dituzte eta ondo bidean azarorako abian egongo dira.
Horiez gain aportazio-gune bat egongo da ohiko edukiontziekin osatuta; larrialdi une batean zaborra bertara eramateko izango da. Dorletara bidean egongo dira horiek, errepide ertzean, orain dauden lekuaren parean.
Baserrietan ere konposta
Baserritarrekin gaur, hilak 28, elkartuko dira Udal ordezkariak eta horiei norberak egin dezala konposta proposatuko diete; horretarako konpostagailu txikiak banatuko dizkiete.
Eta merkatari, ostalari eta enpresetako ordezkariekin bihar, egubakoitza, dute batzarra, horiek ere konposta egiteko proposamenarekin bat egingo duten jakiteko.