Hondakinen Astea antolatu du Udalak

Mirari Altube Arrese 2012ko ekainaren 25a

Hondakinen gaineko astea egingo dute gaur, ekainak 25, hasi eta egubakoitzera bitartean, Udalak antolatuta. Hiri hondakinen gaineko argibideak eman gura dituzte hainbat berbaldirekin eta Gatzagarako duten proposamenaren berri emango diete herritarrei.

Udalak gatzagar guztiak gonbidatu gura ditu gaiaren gainean hausnartzera eta Udalaren proposamena ezagutzera. Berbaldi eta bilera guztiak udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango dira.

Herritarrei proposamena

Gaur, hilak 25, Errausketari ateak ixten filma emango dute (19:00). Errauskailua zeren ondorio den eta zein ondorio dakartzan azaltzen duen dokumentala da, hain zuzen.

Eguaztenean, hilak 27, ostera, berbaldia izango dute lehenengo Zero Zabor taldeko Imanol Biain oñatiarraren eskutik (19:00). Zaborra, guk sortu, guk kudeatu izenarekin hondakinen arazo larriaren berri emango du eta Zero Zabor taldearen proposamenak azaldu gero. Ondoren (20:00), Udal ordezkariek Gatzagarako duten proposamena aurkeztuko diete herritarrei.

Baserritar eta ostalariekin batzarra

Eguenean, hilak 28, baserritarrekin elkartuko dira Udal ordezkariak (19:00). Eta egubakoitz goizean (10:30) produktoreekin, hau da, ostalaritzako kideen, Jakion kontserbagintza enpresakoen eta beste hainbaten aurrean azalduko dute proposamena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak