Loren Larrañaga: "Hotelaren lehen urteak bikainak izan ziren; orain, gauzak okerrago doaz"

Erabiltzailearen aurpegia Jaione Carpintero 2012ko eka. 19a, 02:00

Loren Larraña debarra da jaiotzez, baina Leintz Gatzagan bizi da azken 18 urteetan. Gaztainuzketan lanean hasi, eta gaur egun Soranetxea hoteleko jabea eta sukaldaria da. Erabat integratuta dago herrian, eta, adierazi digunez, ez luke Gatzaga beste herri batengatik aldatuko. Haren zaletasun handienetako bat mendiko txirrindularitza da.

Gatzagan bizi zaren arren, Gipuzkoako beste herritxo baten jaiotakoa zara, ezta?

Bai, ni debarra naiz. Hango baserri baten jaio nintzen, baina Deban, egia esan, ez nuen denbora luzerik eman. Leintz Gatzagan 18 urte inguru daramatzat bizi izaten, eta oso pozik nago.

Zer iruditzen zaizu herri honetako kale giroa?

Giro ederra dagoela uste dut. Oso inguru lasaia da; jende gutxikoa, gainera. Oso leku polita da, eta, inguruko paisaia ikusirik, hemen bizitzeko leku ikusgarria dela iruditzen zait.

Duela lau urte eraikin zahar bat berritu, eta hotela sortu zenuen emaztearekin batera. Zer moduz doa negozioa?

Bai, Soran jauregia hotela dugu. Egia esan, oso hasiera ona izan genuen eta lan ugari genuen; nobedadea izango zen, agian. Denborarekin, tamalez, jende kopurua jaisten joan da. Orain, esperantza dugu udaren etorrerarekin, poliki-poliki bada ere, momentuko egoera kaxkar hau hobetzen joateko.

Gatzagara bizi izatera etorri zinenean Gaztainuzketan ibili zinen lanean.

Bai, hala da. Hura oso esperientzia polita izan zen. 10-12 urte eman genituen han bizi izaten, eta, egia esan, oso garai polita izan zen. Orain dugunarekin oso desberdina zen hangoa; hantxe, astean zehar oso lasai ibiltzen ginen eta asteburuetan, ordea, lan handia zegoen. Astean zehar, beraz, nahiko lasai ibiltzen ginen; izan ere, gu ginen hantxe bizi ginen familia bakarra.

Niri natura ikaragarri gustatzen zait, eta naturarekin genuen harreman zuzen hori aparta zen; oraindik ere mantentzen dut naturarekiko harreman hori, baina ez horrenbeste.

Beraz, Gaztainuzketan primeran ibili zineten. Aldaketa handia sumatu duzue?

Gaztainuzketatik hona etorri ginenean bizimodua guztiz aldatuko zitzaigula uste genuen, baina, egia esan, antzeko egoeran gaude. Hantxe bakar-bakarrik bizi ginen; hemen, ordea, oso lasai bizi garen arren, zerbitzuak ere baditugu, nahiz eta asko ez izan.

Jatetxeko zein etxeko erosketez ni arduratzen naiz beti, eta alde batetik bestera mugitzen ibili behar izaten dut. Egia esan, hau Gaztainuzketan ere gertatzen zitzaidan; beraz, aldaketa handirik ez dugu sumatu bi leku hauen artean.

Soranetxeko jabea izateaz gain, hango sukaldaria ere bazara.

Bai, beti ibili izan naiz sukaldean lanean. Gaztainuzketan hasi nintzen nire kabuz, eta, asko gustatu zitzaidanez, halaxe segitzen dut. Asko betetzen nauen lanbidea da, egia esan.

Une honetan, zoritxarrez, istripu-baja bat dela-eta denbora luzea daramat lan egin barik. Guztiz osatu eta bereahala berriz lanean hasteko desiratzen nago.

Hiru seme-alaba dituzue. Zer moduz moldatzen dira herrian?

Bai, Ander, Ana eta Alaitz dira gure seme-alabak. Egia esan, oso gustura bizi dira hemen, nahiz eta lehengo bizimodua faltan igartzen duten, gure moduan; Gaztainuzketako garaia, alegia.

Aldaketa honek bere alde onak ere baditu nire seme-alabentzat; izan ere, harremanak egiteko aukera gehiago dituzte Gatzagan, baita zerbitzu publiko gehiago ere. Askorik ez badago ere, autobusak dituzte mugitzeko, eta hori abantaila da, Gaztainuzketan ez genuena. Haiek dira herritik kanpo gehien ibiltzen direnak eta aurrera eta atzera ibiltzen direnak.

Horretaz guztiaz gain, bizikletan ibiltzea duzu gustuko. Zenbatean behin joaten zara?

Mendiko bizikleta asko gustatzen zait, egunero ateratzen dut denbora mendi bueltatxoa egiteko, oso giro eskasa egoten ez bada, behintzat. Arratsaldeetan joateko ohitura daukat, eta, normalean, bi orduko ibilaldiak egiten ditut, mendi-kasko batera igotzen naiz, bertan pixka bat egoten naiz eta berriz behera. Primeran sentitzen naiz hori eginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak