Soslaia |
---|
Jaiotzez arrasatearra da Eugenio Otsoa Ugalde (Arrasate, 1951) baina 33 urtetik gora daramatza Gatzagan. Erdi mailako teknikari ikasketak egin zituen Arrasateko eskola politeknikoan eta fabrikazio lanetan ibili izan da gehienbat, baina orain enpresako zuzendaritza lanetan dabil. Azken urteotan Antzuolako Elay enpresarendako dabil lanean, Mexikoko Celaya hirian. Ezkonduta dago eta ez dauka seme-alabarik. |
Hiru agintalditan alkate izan eta beste behin zinegotzi egon ostean, zelan animatu zara berriro alkategai izatera?
Gatzagara bizitzera etorritakoan zerbait aportatzeko gogoz etorri nintzen eta herriaren berreraikitze lanari ekin genion orduan. Ni ez naiz beste inongo tokitan sartu, Gatzagan izan ezik. Horregatik orain ere guztiz animatuta nago, herriari ahal den guztia emateko gertu.
Eta lehenengo urte haietako ze oroitzapen duzu?
Oso zailak izan ziren lehen urteak: plazarik ia ez zegoen, udaletxea jausita, frontoia brintzatuta, etxe asko hutsik… Herriaren eraikitze lanari bultzadatxo bat ematea falta zen, herria berreraiki eta jendea animatzeko. Hasiera garratza izan bazen ere gerora oroitzapen polita bihurtu da.
Talde berria osatu duzue zure esperientzia eta gainerakoen gaztetasuna bateratuta. Ilusioz erronka berri horri aurre egiteko?
Bai, nire esperientziarekin baliatuta ea hurrengo urteotan jarraipena izateko bi edo hiru lagun geratzen diren, erronkari horri aurre egiteko. Ni izan ezik beste guztiak berriak dira Udal jardunean eta aurretik dagoenari jarraipena eginez, ea errotatze sistema bat lortzen dugun beste batzuk egin izan duten legez, Zeraingoek esaterako.
Zer eskaini gura diezue gatzagarrei?
Gatzagarrek bizi poza izan dezaten gertatuko dugu herria: azpiegiturak egokitu; beste herri batzuetan adinako bizi kalitatea eskaini; herria girotu, koadrilaka eta taldean elkartzeko aukera emanaz… Eta lurraren erabilpenari bultzada bat ematea gura dugu behingoz. Baserritarrak lur jota gaude bai hemen, bai eskualdean, eta lurraren erabilpena bultzatu behar da.
Zein da Gatzagak duen beharrik handiena?
Egiteko dagoen azpiegituren hirugarren faseari lehenbailehen heldu behar diogu; gatz fabrikari bultzada bat eman; negozio txikiek jarrai dezaten lagundu, Jakion-ek eta larrugintzak esaterako; eta baserri eta herriaren arteko lokarri sendoa gertatu azpiegitura egokien bitartez.
Azken urteotan asko aurreratu da Gatzagan?
Bai, jendea oso pozik bizi dela atzematen da. Jende gaztearen aportazioa oso interesgarria izan da eta herriak gorantz egin du; horren erakusgarri da 300 biztanle inguru dituela egun eta lehen bost zinegotzi izatetik orain zazpi izatera pasatu garela. Azpiegiturei dagokienez, bizi kalitate mailan ez zaigu ezer falta, eta abantailarik handienetakoa da umeak euren erara dabiltzala, arrisku barik.
Eta zein da herriaren indargunerik garrantzitsuena?
Mendia bera dela uste dut, oso aberatsa da: pagoa, haritza, Deba ibaiaren jaiotza… Mendiak indar handia ematen du, eta zuhaitzen aprobetxamendu egokiarekin diru apur bat eman dezake. Abeltzainendako ere leku oso egokia da, baina zaindu eta kontrolatu egin behar da. Eta zelaiak eta ortuak egiteko aukera ere ematen du. Hemengo aberastasuna duda barik, lurra da.
Egoera ekonomikoak asko baldintzatu du azken urteotako Udalaren jarduna (inbertsio gutxi, murrizketak…). Nondik jo beharko litzatekeela uste duzu?
Egia da egoera horrek mugatu egiten gaituela baina bizitzaren gorabeherak dira horiek. Hausnarketarako erabili behar dira tarte horiek, proiektuetan ondo pentsatu, hobeto egokitu, eta ahal den inbertsiorik gutxienekin aurrera egiteko. Geldiuneak ez badira luzatzen ondo datoz proiektuen gainean hausnartzeko.
Aurreko agintalditik dator Arlaban gaineko plan bereziaren kontua eta aurrera doala dirudi ur deposituaren lanak hasita.
Oraindik ez dago guztiz osatuta baina agintaldi honek onartu du eta uste dut orain aprobatzear dagoela. Urtebete barru onartuta egongo da, eta bertan martxan jartzeko aukera izango dute hemengo aktibitate ekonomikoek.
Askok uste dute zuk egindako lanari esker dela Gatzaga orain dena, zer diozu?
Ez, ez, hori ez da egia. 1331n egin zen Gatzaga eta aurretik beste herrigune batzuk egon ziren. Ni oso harro nago horren parte izan naizelako baina hemen auzolan handiak eta gogorrak egin dira, jende askok parte hartuta; nik bultzatzailetzat daukat neure burua, baina egon edo ez herriaren berreraikitze lanak berdin egingo liratekeela uste dut. Jose Mari Idigoras Malkorre-ren eskutik etorri nintzen Gatzagara eta hark hasitako lanari jarraipena eman nion, beste barik. Hortaz, ez naiz batere orijinala eta bakarrik ezin izango nukeen ezer egin.
Azken urteotan kanpoan ibili zara lan kontuengatik, Polonian, Mexikon…; zelan ikusten da kanpotik Gatzaga?
Gero eta politagoa eta ordu guztietan igartzen dut faltan: Gatzaga, bailara, Euskadi… Kanpoan zaudenean apreziatzen da gehiago. Zorionez komunikabideei esker jarraipena egiteko aukera daukat eta gero eta harroago sentitzen naiz hemengoa naizela esateaz.
Herri txikia izan arren lana badago udaletxean eta alkate izendatuz gero zenbat ordu eskaintzeko ahalmena izango duzu?
Lan ordu barruetan gutxi, baina 17:00etatik 21:00ak inguru arte jo eta sua, ahal den guztia. Urte pare bat barru aurre-erretiratu egingo naiz eta orduan, ez banaute botatzen behintzat, egun osoa. Gainera, jarduera zehatz batzuei denbora gehiago eskaini gura diet: gatz fabrikari, Jakioni, lur erabilpenaren kontuari…
Zer da herrian gustukoen duzuna?
Herritarrak, zoragarriak dira: aiton-amonak, helduak, gazteak, umeak…
Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Azpiegiturak, egokitu beharrean daudelako. Oinezkoendako nahiko ondo dago baina baserrietakoek zailtasun handiak dituzte, mezetara datozenek adibidez.
Eta zelako herriarekin amesten duzu?
Jende guztiarendako erakargarria izango den herriarekin, mirarigilea den herriarekin. Gatz fabrikan terapiak jarri eta gatz-ura ukituta osatzeko aukera eskaini; eta bertako jakiak dastatu eta oso gustura egon daitekeen herria izatea gurako nuke.
Alkate izendatzerakoan egingo duzun lehen gauza.
Ohikoa denez koroa hartu aurreko alkatearen eskutik eta gero etxafuego bat bota. Zarata atera gura dut guztiek jakin dezaten ekin diogula ibilbide berriari, lehengoari jarraipena emanaz aktibitate berriak jarriko ditugula abian.
Gertutik |
---|
Herriko txokorik gustukoena: Dorleta ingurua. Historia handia du, oraindik guztiz ikertu barik dagoena. Herritar bat: Narziso Beitia. Iaz 100 urte egin zituen eta denon eredu izan beharko litzateke: egunean ardo tragoxka bat, jan gutxi eta lan asko. Pertsonaia historikoa: Bitorino Zubillaga; gatz fabrikaren berreraikitze ekimen guztiak hark esanda egindakoak dira. Telebista ikusten duzu? Gutxi, gehienbat bertakoak. Eta Mexikon ETB ikusten dugu, pilota partiduak batez ere. Interneten ibiltzen zara. Non? Batez ere lan kontuengatik ibiltzen naiz, automobilen pieziei jarraipena egiteko. Wikipedia… Sare sozialetan ibiltzen zara? Gutxi. Irakurri duzun azken liburua. Ni ez naiz hemengoa Sarrionaindiarena eta La Reina del Pacifico, Mexikon droga kontuetan oinarritua. Egunkaririk erosten duzu. Zein? Internet bidez hemengoak irakurtzen ditut: Gara, Deia, El Correo, El Diario Vasco… Eta aste bukaeratan El Pais erosten dut, erreportaje luzeagoak lasai irakurtzeko. Ikusi duzuen azken filma. El Infierno, narkotrafikoaren gainekoa. Mexikon zelan pasatzen duzu denbora librea? Arrano Beltza izeneko elkarte txiki bat daukate nafar batzuek eta bertan elkartzen gara. Domeketan inguruak ezagutzera irteten dugu. Abesti bat. El Coyote eta bertakoak Lete, Lertxundi eta Laboarenak, bereziki Hegoak ebaki banizkio. Mania bat. Oso burugogorra naiz. |