Txerria izango da protagonista San Milixan ferian

Mirari Altube Arrese 2009ko urr. 29a, 14:17
Jai batzordea osatu du Udalak San Milixan eguneko feria gertatzeko eta dagoeneko hasi dira kontuak lotzen: etorriko diren artisauak aukeratu eta bisitariendako zein ikuskizun antolatu: txerri-hilketa.

San Milixan, ardikixa jan eta aketeixan dio Gatzagako esaera zaharrak eta herriko zaindari den San Milixan egunaren bueltan feria izango da azken 14 urteotan legez, aurten azaroaren 15ean. Artisauak protagonista dituen jai handia da herrian eta hori antolatzen dabiltza elkarlanean Udala, Sorginak emakume elkartea eta hainbat kolaboratzaile. Artisauei egin zieten dei irailean eskaerak aurkez zitzaten eta aukeraketa egin dute 15 bat posturendako bakarrik dagoelako lekua pilotalekuan. Eta horretarako erabili duten irizpidea izan da artisautzatik bizi direnak izatea. "Hau da, artisautza gal ez dadin bizimodua ateratzen dabiltzanei laguntzea izan da gure ahalegina", diote antolatzaileek.


Bestalde, euskal izaera duten ikuskizunak antolatzen saiatu izan dira beti Gatzagan, asko galtzekotan dauden ogibide eta ohiturak. Hala, txondorrak egiten erakutsi zuten urte baten, lixiba egiten hurrengoan, udazkeneko ira-metak gero… Horri jarraituta aurten txerri-hilketa egitea erabaki dute: "Txerrikiak egiten ikusteko aukera izango dute bertaratuko direnek, hau da, odolosteak, txorizoak eta adobatuak sasoi baten baserrietan egiten ziren bezala". Gainera, feriara datozen bisitariek odolosteak, txitxikiak eta txerriaren beste jaki batzuk probatu eta erosteko aukera izango dute. Eta horiei lagun egiteko urtero legez taloak eta edatekoa eskainiko dituzte Sorginek pilotalekuan.

Basatxerri izendapena

Antolatzaileek jakinarazi dute Basatxerri kalitate izendapenari esker egingo dituztela txerrikiak ferian: "Kolaboratzaile horien laguntza barik ezinezkoa izango litzateke".
Albizturren egoitza duen Txerrizaleok elkarteak hazi eta bermatutako txerriak dira Basatxerri kalitatea dutenak, Euskal Herriko mendietan aske hazitako txerriak hain zuzen, ezkurrak, gaztainak, belarra, garoa eta bestelako elikagai natural bidez elikatuak. Gipuzkoako eta Bizkaiko 16 abeltzainek osatzen dute elkartea.


Gatzagako ikuskizun horrekin euskal baserriari lagundu gura dio jai batzordeak: "Euskal baserria egoera larrian dabilen honetan gure aldetik aletxo bat jarri gurako genuke; baserritik bizi direnek biharkoa ziurtatuagoa eduki dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak