Ehiza postuen zozketak herrian egitea eskatuko dio Udalak Aldundiari

Mirari Altube Arrese 2009ko ira. 25a, 14:55
Gipuzkoako Ehiza Federazioari esleitu dio Udalak Gatzagakoek ez diren ehiztariendako postuak dauden ehiza-barrutia. Postu horien zozketak Gatzagan, bertan, egitea gura du Udalak.

Ehiza denboraldia hastear dago, usoak eta birigarroak ehizatzeko sasoia hain zuzen, eta laster hasiko dira Gatzagan dauden postuak zozketatzen. Hala ere, aurten atzeratu egingo da apur bat, Gatzagakoak ez diren ehiztariendako postuak dauden ehiza-barrutia joan zen eguenean esleitu zuelako Udalak. Behin behineko esleipena izan zen eta Gipuzkoako Ehiza Federazioari eman zion. Lau urterako hartu du horrek –azken 12 urteotan legez– eta urtean 30.000 euro ordainduko dizkio Udalari –urtero KPI igota–. 


Udalak, baina, behin betiko esleipena egin aurretik batzarra egingo du Aldundiko ordezkariekin. Astelehenean, hain zuzen, elkartuko dira eta eskaera batekin doaz gatzagarrak: federazioak egiten dituen postuen zozketak Gatzagan egitea. Azken urteotan Aretxabaletako taberna baten egin izan dituzte baina Udalak gura du kanpotarrak Gatzagara ekartzea: "Hainbat ekitaldi egiten ibiltzen gara jendea ekartzeko herrira, dirua gastatuta askotan. Horregatik, zozketa uneak aproposak dira kanpotarrek gurera etortzeko bidea ikas dezaten", azaldu du Iñaki San Pedro zinegotziak.

Postuak eratu barik

Gatzagako Udalak, bestalde, argitu gura du ehiza denboraldia hastearen atzerapena ez dela Udalaren kontua izan. Lehen batzarra Aste Santu aurretik egin zutela Aldundiko ordezkariekin jakinarazi du eta Udala behin eta berriz atzetik ibili arren erantzunik jaso barik egon dela. Hori horrela, postuak oraindik eratu barik daude eta horrek atzerapena ekarriko du.


Gatzagakoak ez diren ehiztariendako 46 postu daude Gatzagako Mendian, baina Udal ordezkariek badakite 65 postu zozketatzen dituztela –nahiz eta jakinarazpenik egin ez federazioak– eta horrek masifikazioa dakarrela dio: "Usoak harrapatzeko aparteko postuak dira Gatzagakoak, baina jende asko sartzen dute eta horrek behar bezala ehizatzeko aukera eragozten du". Hori horrela, Udala minduta dago ehiza barruti hori ezin duelako zuzenean kudeatu –eta argibiderik ere ez diotelako ematen–, herrirako errekurtsoak eskuratzeko bidea izango litzatekeelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak