Dorletako Ama koroatu zutela 50 urte domekan

Mirari Altube Arrese 2008ko urr. 24a, 12:53
Dorletako amabirjinaren koroatzearen 50. urteurrena ospatuko dute domekan, urriak 26. Txirrindularien zaindaria da Dorletako Ama, eta txirrindulariak lagun dituela ospatuko dute urteurrena.

Gatzagako Txirrindulari Batzordeak eta Udalak elkarrekin antolatu dituzte domekako ekitaldiak. Gonbidapen asko bidali dituzte, tartean Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko zikloturista federazioei. Baita Aldundiko ordezkariei eta inguruko herrietako alkateei ere. Oraindik ez dute guztien baietza jaso, baina badakite Arabako zikloturistak bertan izango direla. Eguraldia lagun izanez gero 200 edo 300 lagun elkar daitezkeela uste dute antolatzaileek; hitzordua santutegi aurreko zelaian dute 11:00etan: "Bizikletan etortzeko esan diegu, eta txirrindulari asko halaxe hurreratuko direlakoan gaude", argitu digu Eusebio Villar alkateak.


Behin zikloturistak elkartuta bertsolarien agurra jasoko dute eta Eskoriatzako txistularien ekitaldia izango da (11:30). Ondoren meza esango dute Dorletako santutegian amabirjinaren koroatzea gogoratzeko. Juan Maria Uriarte Donostiako elizbarrutiko gotzaina etorriko da meza esatera, eta Eskoriatzako abesbatzak egingo dio lagun ekitaldian. Aretxabaletako dantzarien aurreskuarekin egingo diote agur amabirjinari, eta loreak eskainiko dizkiote. Ekitaldia bukatzeko salda eta mokadutxoa eskainiko dute santutegi aurreko zelaian.

Txirrindularien zaindaria

Orain dela 50 urte –1958ko urriaren 26an– zikloturista eta eliztar ugari elkartu zen leku berean, Dorletako santutegian. Arrasateko parrokoa zen Jose Luis Iñarrak egin zuen koroatzearen ospakizuna, eta Dorleta Txirrindulari Elkartea sortzeko bultzada izan zen ekitaldia. Behin elkartea sortuta Juan XXIII. Aita Santuarengana jo zuten zaindari izateko eskatuz. 1973an Txirrindularitza Federazioaren estatutu ofizialak onartu zituzten, eta Dorletako Ama txirrindulari guztien zaindaria izatea onartu zuten. Arlabango errepidean amabirjinaren irudi bat dago lore  eta kandela asko dituela inguruan, baina Dorletako santutegian dagoena da orijinala. XIII. eta XVI. mende artean egindako taila gotikoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak