Artisauen lanak eta txerri-hilketaren gaineko kontuak San Milixan ferian

Mirari Altube Arrese 2009ko aza. 13a, 13:44
Domekan, hilak 15, ospatuko dute gatzagarrek zaindari duten San Milixanen omenezko eguna. Azken urteotan legez, artisauak izango dituzte lagun egun horretan eta XVII. Eskulangintza feria egingo dute (10:00-14:30). Autobusa jarri dute Eskoriatzatik feriara joateko.

Antolatzaileek jakinarazi gura diete kanpoko bisitariei aurten ere autobusa antolatu dutela automobilek arazorik ez sortzeko herrian, baina Eskoriatzatik Gatzagara egingo ditu joan-etorriak autobus horrek –ez herrian hara eta hona–. Hala, feriak iraun bitartean joan-etorrian ibiliko da Goierri Bus konpainiako autobusa eta Akeita taberna pareko geltokian eta Aranburuzabala kalekoan hartuko du jendea.

Txerri jatekoak salgai

Herria girotzea du helburu feriak eta era berean, artisautzatik bizimodua ateratzen dutenei laguntzea. Udalak eta herriko talde batek elkarlanean antolatu du aurtengo ospakizuna eta beste urte batzuetan legez galtzeko bidean diren lanbide eta ohiturak erakutsi gura dituzte domekan. Hala, txerri-hilketaren gaineko erakustaldia egingo dute San Migel plazan feriak iraun bitartean. 

Txerrizaleok elkartea izan dute lagun horretarako eta Basatxerri kalitatea duen txerriarekin egingo dute erakustaldia. Euskal Herriko mendietan aske hazitako txerria izango da ekarriko dutena, ezkurrak, gaztainak, belarra, garoa eta bestelako elikagai natural bidez elikatua. Hilda ekarriko dute eta herriko hainbat lagunek zatituko dute bisitarien aurrean. Txorizoak eta txitxikiak zelan gertatzen zituzten sasoi baten baserrietan ere erakutsiko dute.

Domekan ez da egongo jaki horiek probatzeko aukerarik baina salgai jarriko dituzte gero etxean jateko. Salgai egongo direnak aurrez gertatutakoak izango dira, txerri erdia ekarri eta astean ibili direlako hainbat herritar odolosteak, txitxikiak eta adobatuak egiten. Sorginak emakume elkarteko kideek, ostera, taloak eskainiko dituzte urtero legez pilotalekuan eta aurten Basatxerri kalitatea duten hirugiharra eta txistorra sartuko diete talo horiei.

Artisauak pilotalekuan

San Milixan eguneko protagonista artisauak izan dira beti eta pilotalekuan izango dute horiek kokalekua. 15 postu izango dira eta salgai jarritako produktuak zelan egiten dituzten erakutsiko dute bertan. Hainbat eratako osagaiak erabiliko dituzte elkartutakoek: buztina, burdina, egurra, beira, larrua, zeta… Eta osagai horiek landuta benetako artelanak egin daitezkeela erakutsiko dute: bitxiak, pilotak, kaikuak, musika tresnak, jostailuak… Euskal Herriko txoko askotatik etorri arren artisau horiek gehienak gipuzkoarrak izango dira, eta Debagoieneko bakarra egongo da: Angiozarko Mendi Artelanak larrua lantzen. Bestalde, herriko Eskuz Larrugintza denda ere zabalik egongo da Pilar kalean.

Erakusketa eta tailerra

Artisauen postuak ez ezik erakusketa eta tailerra ere antolatu dituzte azken urteotan legez. Birziklatutako materialekin egindako lanparak kultur etxean egongo dira ikusgai feriak iraun bitartean. Lazkaoko Pedro Castelo artistak egindakoak izango dira lanpara horiek.

Eta Labidea denda alboko txokoan enkuadernaketak zelan egiten diren erakutsiko du Errenteriko Arantxa Paskualek. Papera eta oihala erabiliko ditu horretarako eta albumak eta kuadernoak zelan egin jakinaraziko die elkartutakoei.

Gatz museoan sua piztuta

Eugenio Otsoa gatz museoa zabalik egongo da domekan (11:00-14:00) eta bertako arduradun Aitziber Gorosabelek iragarri du sua egingo dutela dorlan gatza zelan egiten zuten sasoi baten erakusteko bisitariei. Gainera, gatzarekin egindako orea eskainiko diete umeei irudiak egiteko eta bonboi gaziak salgai jartzekotan daude.
Museoak dagoeneko neguko ordutegia dauka: zapatu eta domeketako bisita gidatuak: 12:00etan –euskaraz– eta 13:00etan –gazteleraz–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak