Abereak mendian ibiltzea arautzen duen ordenantza onartuta

Mirari Altube Arrese 2008ko eka. 27a, 12:39
Astelehenean egindako osoko bilkuran onartu zuten behin betiko ordenantza. Alegazio bat jaso dute udaletxean ikusgai egon den tartean, eta eskatutakoa aztertuta aldaketatxo bat egin diote onartu aurretik.

Ordenantza aurretik zegoen, baina apirilean aldaketa batzuk egitea proposatu zuen, baserritar eta abeltzainekin adostuta. Udalak erabaki zuen apirilean gatzagarrek lehentasuna izatea abereak mendian ibiltzeko eskaera egiterakoan. Eta gatzagar dionean, ondoko hiru baldintzak betetzea eskatzen du: Gatzagan erroldatuta egotea, bertan bizitzea eta abereendako lurrak izatea. Alegazioa aurkeztu duena ez da bertakoa, baina Gatzagan lurrak ditu, eta horregatik, gatzagarrek dituzten eskubideak gura ditu. Udalak ezetza eman dio eskaerari, baina aldaketatxo bat sartu du ordenantzan. Abereak mendian ibiltzea eskatzen dutenen artean hiru talde egongo dira: gatzagarrak –herrian erroldatuta, bertan bizi eta lurrak dituztenak–; aurreko hiru baldintzetatik bat betetzen dutenak; eta kanpokoak –aurreko baldintzarik betetzen ez dutenak–. Hala, lehentasuna gatzagarrek izango dute, baina horiek eskaerak egin eta gero oraindik lekua baldin badago abere gehiagorendako, bigarren taldekoak sartuko dira. Zenbat abere ibil daitezkeen mendiko lur zati bakoitzean Aldundiak zehazten du.

Bestalde, alegazioa aurkeztu duenak abereak mendira bidali gura ditu, eta Aldundiari eskaera egiteko konpromisoa hartu du Udalak.

Gatzagarrek merkeago

Mendira eroaten dituzten abere horiek lur publikoetan ibiltzen dira, eta jabeek ordaindu egin behar diote Udalari. Beste ordenantza batek tasak zehazten ditu, eta aldaketa egin du hor ere udalbatzak. Gatzagarrek tasa bat izango dute; gatzagar ez direnek baina hiru baldintzetako bat betetzen dutenek %50 gehiago ordainduko dute; eta kanpokoek %100 gehiago. Tasa abereko dauka ezarrita Udalak, eta zaldiek eta behiek prezio bat daukate eta ardiek beste bat. Abeltzainen elkarteko kideek, gainera, 10 euroko kuota dute urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak