Abereak mendian ibiltzea arautzen duen ordenantza aldatuko du Udalak

Mirari Altube Arrese 2008ko api. 25a, 13:47
Gatzagako abeltzainek Udalarekin adostuta proposatu dute orain dagoen ordenantza aldatzea. Eta apirilaren 10ean egindako osoko bilkuran onartu zituzten aldaketok. Ikusgai egongo da orain aldatutako ordenantza. Erreklamaziorik ez badago behin betiko onartu eta indarrean jarriko dute.

Aldundiak ezarritako baldintzak jasotzen ditu abereak mendian ibiltzea arautzen duen ordenantzak. Gatzagarrek proposatu dute orain beste baldintza bat sartzea: herrian erroldatuta egotea eta bertan bizitzea. Abereak mendira eroan gura dituzten abeltzainek aurrez eskatu behar dute baimena. Eta eskaerak egiteko data aldatzea onartu zuten osoko bilkuran. Orain arte urriaren 15a baino lehen bideratu behar ziren eskaerok hurrengo urtean mendira eroateko; hemendik aurrera azaroaren 30 arte izango dute epea.

Urte sasoia eta abere kopurua, zehaztuta

Aldundiak jakinarazi du hemendik aurrera ahuntzek ez dutela mendian ibiltzeko debekurik izango, eta gainerako abereak legez ibiliko direla. Abereak mendian ibil daitezkeen urte sasoia ondo zehaztuta dago. Hona datak: behiak, maiatzaren 1etik azaroaren 30era; eta gainerako abereak –behorrak, ardiak, ahuntzak– maiatzaren 1etik hurrengo urteko otsailaren 29ra. Gainera, abeltzainek ezin dute edozein kopuru eroan mendira. Horretarako zenbat lursail dituzten jakinarazi behar dute, eta hektarea bakoitzeko behor bat, edo behi bi edo hamar ardi onartzen ditu Aldundiak.
Gatzagako mendi inguru bakoitzean zenbat abere ibil daitezkeen ere zehaztuta dauka Aldundiak: "Nik uste eskaera gehiago egongo direla onartzen duten kopurua baino, hortaz, batzuk atzera botako dituzte", azaldu digu Asier Elkorobarrutia Mendi zinegotziak. Ordenantzan egingo duten beste aldaketa bat da mendi inguru batean –Pagoeder eta Dominaga– abere gehiegi badago, eta bestean gutxi, batetik bestera eroan ahal izatea.

Abeltzainen elkartea sortzen

Herriko abeltzainek elkartea izango dute laster. Egon badago, baina estatutuak egin eta behar bezala sortzeko kontuetan dabil azken asteotan. Eta hemendik aurrera elkarteak bideratuko ditu abeltzainen kontu guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak