22 urteren ostean Gatzagako igoera egingo dute bihar

Goiena 2010ko ira. 17a, 16:20
Ibarreko motorzale gazteenak ez dira gogoratuko, baina bihar, zapatua, Gatzagan irtengo diren 50 pilotuek ez dute igoera hori estrainekoz egingo. Igoera horretako bide bazterrak 70eko eta 80ko hamarkadetan jendez beteta ezagutu dituzte askok, eta halaxe egongo dira bihar ere (15:00).

'Panadero' eta Telleria

Gatzagako igoera 1971n egin zuten lehenengoz. Eta, orduko sailkapen orokorrari begiratuz gero, bi debagoiendar daude lehenengo postuetan, Jose Joakin Jauregi Panadero aretxabaletarra (Mini Authi) hirugarren postuan eta Fermin Telleria arrasatearra (Min Cooper S) laugarrenean: "Sailkapen hori, baina, scrach-ekoa da, orokorra. Lehenengo hiru sailkatuek Grupo 2 kategorian lehiatzen ziren eta ni Grupo 1 kategorian –autoari moldaketarik egin barik– ibiltzen nintzen", azaldu digu Telleriak.
Hala, Arrasatekoak Gatzagan parte hartu zuen hamar lasterketetan lehenengo amaitu zuen, Grupo 1 kategorian: "Malagako enkante batean erosi nuen Minia, eta zuzenean joan nintzen Herrerako igoera korritzera". Korritu eta irabazi, Telleriari El Curiosito deitzen zioten: "Gidatzen nuen moduagatik, derraperik egin barik, bestela abiadura galtzen genuen-eta".

Lagun onak ziren Telleria eta Panadero; gainera, batera ere korritu zuten Rally Vasco-Navarroan, BMW 2002 TI autoaz, lehenengoa gidari, eta bigarrena kopilotu. Ez ziren izan, baina, hasierako urte haietan Gatzagako igoeran parte hartu zuten debagoiendar bakarrak: "Javier Linazisororen Simca 1000 autoa ere Gatzagan gora ibili zen, eta geroago haren seme Aitor Linazisorok ere korritu zuen –profesional moduan korritu zuen Citroen eta Ford etxeendako, batez ere rally-etan eta lurgainean–. Ondoren etorri ziren, 80ko hamarkadan, ibarreko beste pilotu asko, tartean bihar Gatzagan egongo den Aitor Zabaleta bergararra.

Castañaresen 'hegan'

Hasierako urteetan batez ere, lasterketa ikusteko orduan ikusleak Castañaresko zubiaren inguruan jartzen ziren, lehenago zegoen sestra aldaketan (rasante aldaketa) autoak hegan irteten zirelako: "1971ko eta 1972ko lasterketak Eskoriatzan hasi genituen eta Castañaresko baserrietara iritsi orduko abiadura bizian joaten ginen. Saltoa egin ondoren, Marulandara iritsi orduko autoaren karterra leher eginda izaten genuen. Lehenengo bi urteetan, bietan apurtu nuen karterra.  1973tik aurrera, baina, salto hori arriskutsuegia zelako lasterketaren irteera puntua aurreratu egin zuten, eta lehen besteko abiadura hartzen ez genuenez saltoak txikitu egin ziren". Telleria, baina, ondo gogoratzen da igoerako beste tramu kritiko batekin: "Goialdean, gaur egun landetxea dagoen tokian hasi eta trenaren zubi azpiko tarteraino zati ikusgarria zen. Ezkerretarako kurba zaila zegoen han, eta jende asko batzen zen aurreko zelaian –ikus erretratuak– autoak ikusteko. Gaur egun ondo asfaltatuta dago zati hori eta zubia, gainera, zabaldu egin zuten".

Ezusteko bat baino gehiago

Gatzagako igoeran ezusteko bat baino gehiago izan da: 1979an Naia izeneko barketa errekara jausi zen lasterketa hasi eta berehala eta 1972an lasterketa irabazi zuen Claudio Aldekoa gasteiztarrak hurrengo urtean (1973) kolpe galanta hartu zuen Renault Alpine 1440 autoarekin, gaur egun Aterbe landetxea den eraikinaren hormaren kontra.
Istripu larriena, baina, Gatzagako igoerako azken edizioan izan zen, 1988an. Ordurako Rafa Etxabek, Xabier Otamendik eta Juan Jose Iregik Txurra-k zuten lasterketa antolatzeko ardura: "Orain gertatu den moduan, guk ere antolatzeari utzi zioten proba bat hartu genuen. 1979tik 1985era arte ez zen Gatzagako igoerarik egin, eta guk hiru edizio antolatu genituen", adierazi digu Mugarriko Rafa Etxabek. "Gauzak asko aldatu dira, bi egunean lortzen genuen guk lasterketa antolatzeko behar genuen aurrekontua, eta autoekin batera motorrek ere korritzen zuten". Hala, Matxaneko baserriko lehengusu zen Jose Manuel Pedreira Franchi-k bizia galdu zuen, Honda VFR 750 motorrarekin Marulandako baserriko hormaren kontra jota.

Istripu hura ekainean izan zen, eta urrian, Urkiolako igoeran, Victor Abraham pilotu asturiarrak –Gatzagan 1987an irabazle– formularekin kontrola galdu zuen, eta autoak hegaldi efektua egin ostean hainbat metrotara zeuden bi ikusle harrapatu zituen. Orduan utzi zioten Gatzagako lasterketa antolatzeari, besteak beste, aseguru etxeek ez zutelako lasterketen gainean ezer jakin nahi.

Euskadiko federazioaz

Gaur egun Euskadiko Federazioaren onarpenarekin antolatzen dira lasterketak; eta asegurua ez da batere merkea: "Urtetan 4x4 probak antolatzen ibili gara, eta eskerrak hor batutako diru apur bat dugun; horrek lasaitasuna eman digu hasteko, baina kontuan izan behar da 21.000 24.000 euro inguru behar direla horrelako proba bat antolatzeko", esan digu Ibon Aranburuzabalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak