'Elizabeth' antzezlana ikusgai izango da domekan, Zaldibar antzokian

Imanol Beloki Unamuno

Isladak Antzerki Soziala taldearen argazkia, Seminarixoan, 'Elizabeth' taularatu ostean. (Argazkia: Isladak)

Ekainean Seminarixoan estreinatu ostean, Bergarako Isladak Antzerki Soziala taldekoak Zaldibar antzokian izango dira domekan, Elizabeth antzezlanarekin (19:00). Bonnie Garmus-en Lecciones de química eleberriaren egokitzapena taularatuko dute, eta sarrerak bost eurotan salduko dituzte, aldez aurretik Manuel Muñoz kiroldegian eta egunean bertan leihatilan.

Bergarako Isladak Antzerki Soziala taldearen Elizabeth antzezlanean Mikel Izurrategi eskoriatzarrak parte hartzen du. Bere esanetan Bergaran egin zuten estreinaldiaz oso gustura geratu ziren, eta, Eskoriatzako saiorako ere gogoz daudela nabarmendu du. "Bergaran egin genuen estreinaldian oso ondo irten zen dena, eta oso pozik bukatu genuen. Egia esan, aretoa beteta egon zen, eta, beste saio bat egiteko arantza geratu eta gaur egingo dugu, berriro Bergaran –gaur, eguena, 19:30ean, Seminarixoan–. Ordutik ez dugu besterik egin; Eskoriatzan antzezteko hitzordua ere ezarri genuen eta domekan egingo dugu. Pozik eta gogoz gaude Eskoriatzan antzezteko".

Izurrategik azaldu duenez, gai interesgarria da jendaurrean aurkezteko, eta, herritarrei bertaratzeko dei egin die: "Orain arteko gure emanaldiak formatu berezi baten izan dira. Hau da, mikro-istorio batzuk bata bestearekin zerikusirik ez zutenak sartzen genituen. Kasu honetan, emanaldi oso bat prestatu dugu gai batekin, eta, gainera gaur egun pil-pilean dagoen gai batekin. 50.Hamarkadan emakumeen egoera, euren izaera eta euren indarra azaleratu nahi dugu. Jendea erakartzeko modukoa dela uste dugu. Beraz, jendea animatzeko gure emanaldira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak